EH Bildu udal aurrekontua berriz aztertzeko prest

EH Bildu udal aurrekontua berriz aztertzeko prest
2020/03/30 eta kitto!
Koronabirusak eragin duen osasun krisiaren aurrean “neurri ausartak eta adostuak” hartu behar direla uste du EH Bilduk. “2020ko Udal aurrekontu osoa aztertzea, premiazkoak ez diren ekintzak 2021ra atzeratzea eta baliabide ekonomikoak Covid-19aren krisialdiak eragin eta eragingo dituen ondorioak apaltzeko bideratzea”, eskatzen du alderdiak.

EH Bilduk egoera honetan gainontzeko alderdiekin sortu den elkarlana azpimarratzen du. “Elkarlanerako unea da eta horrela jarraituko du EH Bilduk”. Egoera zaurgarrienean dauden eibartarrak buruan dituztela dio eta, zaintza asistentzialena hasieratik bermatuta egon arren, zaintza kontzeptua askoz zabalagoa dela uste du. “Ziur gaude Eibarko etxe askotan zailtasuna izaten ari direla haurren etxerako lanak egiteko eta laguntza eskertuko luketela. Eta bestetik, egoera zaurgarrian egon daitekeen beste kolektibo garrantzitsu bat etxeetan lan egiten duten emakumeena da. Hauen egoerari buruzko lanketa egitea eskatuko dugu”.

Egoera berezi honen ondorio ekonomikoen aldetik, Udal talde guztiek Udal tasa guztiak aztertzea begi onez ikusi dute. “Autonomo, tabernari edo dendari txiki kaltetuenei laguntzeko”. Horregatik, EH Bildurentzat 2020ko Udal aurrekontu osoa aztertzeko ordua heldu da.