EH Bilduren arabera, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren diagnostikoaren datuak "kezkagarriak" dira

EH Bilduren arabera, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren diagnostikoaren datuak "kezkagarriak" dira
2021/04/20 eta kitto!
Eibarko EH Bilduk prentsaurrekoan ohartarazi duenez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren diagnostikoak "datu kezkagarriak jasotzen ditu. Batetik, aurreko Planak izan duen gauzatze maila baxuagatik eta, bestetik, Eibarrek duen egoera sozioekonomikoagatik". Nabarmendu zutenez, Plan Orokorra da hiria egituratzen duen eta hiri eredua markatzen duen plan garrantzitsuena eta, horrelako planen bataz besteko iraupena 8 urte ingurukoa izan arren, Eibarkoa 16 urteetarako bidean doa eta, beraz, oso zaharkitua dagoela uste dute: “2006an idatzi zen, hirigintza boomaren baitan, eta asko nabari da dokumentuan. Etxebizitza berria eraikitzea du irizpide nagusia eta horretan ibili da buru belarri PSEren Udal Gobernua azken urteotan. Diagnostikoaren arabera, ordea, 1.361 etxebizitza eraikitzeke geratu dira herrian, pentsa Planaren anbizioa nolakoa zen”.

Planeatutako ekipamenduak ere gauzatzeke geratu direla azpimarratu zuten Igone Lamarain eta Gorka Errasti zinegotziek: “Jaurlaritzak gauzatutako ospitalea eta Orbeako kiroldegia izan dira egin diren bakarrak. Ipuruako kiroldegi berria, Txontako auzo etxea, Azitaingo auzoa etxea eta, nola ez, Errebal berria, gauzatu gabe geratu dira. Eta parkeen egoera are negargarriagoa da. Planteatzen ziren 8 parkeetatik, bakarra egin da, Egazelain, etxebizitza promozio bati lotuta, gainera”.

PSEri “ausardia falta zaiola” pentsatzen dute: “Beti dago kanpo inbertsioen menpe, gainontzeko administrazioek eskuhartzeko zain, ekimen pribatuak eskuhartzeko zain”. Gauzak horrela, Udalaren eskuhartzea faltan botatzen du EH Bilduk.

Hutsik dauden eraikin industrialek ere bere horretan jarraitzen dutela salatu dute: “Ez da ezer egin beraiekin. Industria gune berriak garatu gabe eta zaharrak berritu gabe geratu dira. Aparkalekuaren arazoak ere hor jarraitzen du. Zonalde naturalari ere ez zaio dagokion garrantzia eman. Hasieran aipatu dugun bezala, etxebizitza pribatua besterik ez du izan buruan PSEk indarrean dagoen plan orokorrean”.

Plan horretako datu sozioekonomikoak negargarriak direla gaineratu dute: “Oso herri zaharkitua da Eibar, biztanleriaren ia %25ak 65 urte baino gehiago ditu. 2030erako %30a izango da. Urteak daramatzagu langabezia tasa altuarekin, PSEk ez du lortu datuari buelta ematea. Industria izan da Eibarko ekonomia motor historikoa. Baina oraingo datuak oso bestelakoak dira, %19ko pisua du industriak ekonomian, Debabarrenan %38koa den bitartean. Komertzio kate handien etorrerak ere gertuko komertzio txikia kaltetu duela dio diagnostikoak. Lehen sektoreak duen pisua ere oso eskasa da”.

Une honetan, Udalean Plan Nagusi berria egiteko lanean ari dira eta, oraindik diagnostiko-fasean egon arren, Plan berriak jaso beharko lituzkeen punturik garrantzitsuenak zeintzuk diren “oso argi” dutela diote eta eibartarrak animatu nahi dituzte laster zabalduko diren parte-hartzerako prozesuetan ekarpenak egitera”.