Eibarko EAJ-PNVren udal-taldeak akordioak lortzeko borondatea duela berretsi dio alkateari

Eibarko EAJ-PNVren udal-taldeak akordioak lortzeko borondatea duela berretsi dio alkateari
2023/03/07 eta kitto!
Eibarko PSE-EE eta EH Bilduren udal-taldeek 2023rako udal aurrekontuaren inguruan akordioa lortu dutela atzo goizean jakinarazi zutela eta, Eibarko EAJ-PNVren udal-taldeak Alkatetzara idatzia bidali du, Jon Iraolak esandakoari erantzunez. Josu Mendicute taldeko bozeramaleak bertan dioenez, “komunikabideen bidez jakin dugu, zure ustez, ezinezkoa dela Eibarko EAJ-PNV udal-taldearekin akordioak lortzea, akordiorik ez lortzeko, proiektuak oztopatzeko eta dinamizatzeko estrategia duelako. Eibarko Udaleko EAJ-PNV eta PSE-EE udal-taldeen arteko negoziazio-bileretan parte hartu ez duzunez, jakinarazi nahi dizugu gure aldetik 2023ko kontuak onartzea eskaini zitzaiola zure alderdiari, inolako zuzenketarik sartu gabe: zure alderdiak eta nik azken ekitaldietan sinatutako akordioak gauzatzeko konpromisoa baino ez genizun eskatzen (eta ez 2023an nahitaez), gaur egun oraindik bete gabe baitaude”.
Horrekin batera, akordioak lortzeko borondatea badutela berretsi nahi dute jeltzaleek: “Berriz ere esan nahi dizugu gure borondatea akordioak lortzea dela eta izango dela, eta akordio horiek lortzea bezain garrantzitsua dela akordio horiek betetzeko gaitasuna izatea. Honekin batera doakizu 2016az geroztik adostu diren eta oraindik gauzatu gabe dauden proiektuen zerrenda”.