Eibarko garraio publikoa hobetzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Foru Aldundiak

Eibarko garraio publikoa hobetzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Foru Aldundiak
2022/03/04 08:13
eta kitto!
Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena aurkeztu zuten atzo goizean Jon Iraola alkateak eta Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak. Azaldutakoaren arabera, hitzarmenari esker “eibartarrei garraio publikoaren zerbitzu eraginkorragoa eta kalitatezkoagoa ematea” lortu nahi dute eta, horrekin batera, Gipuzkoako herritarrek mugikortasunerako funtsezko eskubidea izan dezaten lagundu.

Aldundiak bultzatutako hitzarmen-proposamenak lau urterako iraupena dauka eta dirulaguntza-lerroak urtean 1.354.733 euroko zenbatekoa izango du, Mugi sisteman parte hartzen duten Gipuzkoako 11 udalen mugikortasun-erronkei laguntzeko. Eibarko kasuan, esleitutako zenbatekoa urtean 76.310 eurokoa da, lau urteko epean.

Hitzarmenaren aurkezpenean esandakoari jarraituta, diruguntzaren zenbateko osoaren zati handi bat Eibarko hiri-garraio publikoaren ibilbideei eta maiztasunei dagozkien prestazioak garatzeko ekintzetara bideratuko da.

Foru diputatuak nabarmendu duenez, Udalarekin sinatutako akordioak “garraio soziala, demokratikoa eta bidezkoa bultzatu nahi du, garraio publikoa gehien erabiltzen duten herritarrak sarituz, bereziki kolektibo ahulenei hobariak emanez”.

Bi erakundeek elkarrekin lan egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute, “errepide bidezko garraio-sistema publiko integral bat ezartzeko, Udalaren hiri garraio publikoaren zerbitzuak osagarriak izan daitezen Lurraldebusentzat, eragindako administrazioen berezko eskumenei kalterik egin gabe”.

Alkatearen berbetan, “hitzarmen honi esker, Eibarko Udalak kalitatezko hiri-garraio publikoa eskaini ahal izango die herritarrei, eta, gainera, hiri barruko joan-etorrietan ibilgailu pribatuaren erabilera murrizten lagunduko du”.

Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko buruak esandakoari jarraituz, “Eibarko hiri-garraioa merkeagoa zen, Udalak apustu soziala egin zuelako. Orain, Eibarko Udalak eta Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak sinatzen duten hitzarmen honekin, askoz merkeagoa izateaz gain, zerbitzuaren kalitatea ere asko hobetuko da. 76.310 euro horiekin, Eibarrek udalerriko leku guztietara iritsiko den hiriko garraio publikoa diseinatu ahal izango du, zerbitzu, maiztasun eta errefortzu hobeekin”.

Romeroren berbetan, “Mugi sistemaren aldeko apostua egitea, txartel bakarraren aldeko apostua egitea da. Mugi tarifak mugikortasun merkea, berdea, soziala eta demokratikoa bermatzen du. Berdin dio non bizi zaren, berdin dio nora zoazen, baina batez ere berdin dio zenbat diru duzun. Gipuzkoa osoan garraio publikoan, garraio merke eta kalitatezkoarekin bidaiatzeko eskubidea duzu, nahiz eta auto pribaturik ez izan”.