Errepublikaren aldarrikapenaren 90. urtemuga gogoratuko dute PSE-EEk eta EH Bilduk eguaztenean

Errepublikaren aldarrikapenaren 90. urtemuga gogoratuko dute PSE-EEk eta EH Bilduk eguaztenean
2021/04/12 eta kitto!
Eguaztenean beteko dira 90 urte Eibarren beste inon baino lehen II. Errepublika aldarrikatu zutela eta, hori gogoratu eta ospatzeko, ekitaldi bereziak antolatu dituzte alderdi politikoek.

Eibarko Sozialistek, urtero bezala, Errepublikako bandera igoko dute PSE-EEren Untzagako egoitzan, Herriaren Etxeko balkoian. Goizeko 11:30ean izango da ekitaldia eta, jarraian, 12:00etan Txaltxa Zelaira joango dira, txapligoak botatzera.

Eta apirilaren 14an etorriko da Eibarrera Arnaldo Otegi, EH Bilduko idazkari nagusia, 11:30etik 12:30era bitartean egingo den ekitaldian euskal Errepublikaren aldeko mezua zabaltzera. Eta, horrez gain, EH Bilduren 10. urteurrenari lotutako erakusketa Untzagan inauguratzeko aprobetxatuko du bisita.