Errepublikaren bandera hamaika aldiz igo zuen Bittor Lekunberri "Otxabiña" gogoan

Errepublikaren bandera hamaika aldiz igo zuen Bittor Lekunberri "Otxabiña" gogoan
2020/04/14 13:50
eta kitto!
1931az geroztik gaurko eguna oso berezia izan da eibartar askorendako eta, bizitzen ari garen osasun larrialdirik egon ezean, gaur ere Errepublikaren bandera Untzagan igota legoke honezgero. II. Errepublikaren aldarrikapen egunaren 89. urteurrena konfinamenduan pasatu behar dugun honetan, apirilaren 14a ilusio haundiarekin bizi zuen Bittor Lekunberri "Otxabiña" militante komunista historikoa ekarri nahi izan dugu gogora, 2003ko apirilaren 11n kaleratu zen …eta kitto! aldizkarian argitaratu genuen elkarrizketa berreskuratuta.



 

Bittor Lekunberri 'Otxabiña': “III. Republikia etorri bihar da”


Gure herrixan Republikia aittatzia Bittor Lekunberri ‘Otxabiña’ aittatzia da. Gaur egunian, 90 urte dittuala, etxeko silloian jarritta hartzen gaittuenian nekez pentsau geinke frankistak Eibarren sartu ziranian fusilla eskuan hartuta Elgeta inguruan miliziano  jardun ebanik. Baiña Republikia berbia entzutziakin batera, begixak biztu egitten jakoz eta irribarriari ezin detsa eutsi: “Ia domekan eguzkixak urtetzen daben”.

Horrekin batera, III. Republikiaren zain daguala argi diño: “Aurrekuan be hala esan eban Anguitak, badirudi zeozer mobitzen daguala eta neu be horren zain nago”.

Komunista konbentzitua, gerra aurretik, gerran eta gerra ostian bizi izandakuak ez dabe lortu bere siñiskeria ahultzia. Berbetan entzuten detsanak ongi jakingo daben moduan, urtiekin zeozer egin badau bere gaztetako pentsakeriak indartzia izan da. Gogor eusten detse republikiaren hiru kolorieri, eta domekan atzera be Untzagan banderia igotzeko desiatzen daguala ez dau ezkutatzen.

Republikako banderia Untzagan lehelengoz ikusi ebaneko eguna goguan dakan galdetzian, baietz diño, “baiña ni orduan ez neguan politikoki organizauta, hamasei bat urte nekan, mutil koskorra nintzan. Baiña apirillaren 14 hartan goguan dakat anaixak zelan urten eben kalera. Untzaga gaiñezka eguan, baiña hasieran jendiak billurra zekan, ez zekixan zer pasauko zan. Gero bai, enterau giñan beste hiri batzutan be Republikia aldarrikatu zala eta manifestaziñuan urten genduan. Ha ikustekua zan! Herri guztia kalian eguan”.

Baiña gerra ostian, Franco hill arte ez eben banderia ganoraz, modu legalian ikusteko aukerarik euki: “Orduan nahikua zan baten batek zeozer entzutia kalian gero kartzelan amaitzeko. Behin batzuek etara eben banderia kable batzuekin, eta segidan harrapau eben bat. Handik urte batzutara jakin neban banderia etara ebana beste bat izan zala”.

Franco hil eta gero, baiña, orduan euki eben Republikiaren banderia atzera be ikusteko aukeria. Harrezkero ‘Otxabiña’k ez detsa kale egiñ holako egunari.

Gerrako zaurixak eta atentau bat gaindittu eta gero, mokorretik operauta egotiak ez detsa trabarik egingo domekan banderia igotzeko. “Urtero berrogei bat lagun alkartzen gara. Betiko moduan, banderia jasoko dot. Hori bai, urtetik urtera pisu gehixago daka eta indar gehixagokin egin bihar detsat tira sokiari”, diño barrez.

Bizi guztian bere idealen alde borrokan jardunda, horregaittik 20 urteko kartzela zigorra beteta, ez dau atzera egitten. Ez dau ulertzen gaur egunian, XXI. gizaldixan Iraken gertatzen diharduena pasatzia: “Horretarako egin genduan geuk gerria? Ezin leike ulertu holako sasoian gerrak egittia. Aznar eta konpaiñia jausi egin bihar dira. Begira jendiak zelan urten daben kalera gerriaren kontra, Bartzelonan, Madrillen… Espaiñian %90 gerriaren kontra daguala diñue. Eta eurak esaten dabe laguntza humanitarixua bidaltzen dabizela. Zelan, gerrarako barkuak bialduta?”.

Hauteskundietan ipiñi dau esperantzia ‘Otxabiña’k: “Esan zestenian gure listetan lehelengo hirurak andrazkuak zirala asko alegrau nintzan, andrak beti egon dira gauzak egitten eta bazan ordua rekonozitzeko. Gu gerran egon giñanian be gizonen moduan jardun eben androk”.

Domeka jai egun haundixa da ‘Otxabiña’rendako: eguardixan banderia igoko dau, ezkerreko ikubilla altzauta kantauko dau eta 90 urtian bizi izandakua ingurukueri kontatzeko aukeria eukiko dau. Egunakin pentsatzen agurtu genduan, irribarriari eutsi ezinda.

otxabina 5 otxabiña 2 otxabiña 3 otxabiña 4