Eusko Legebiltzarrak Lehentasunez Jarduteko Eremu izendatu du Debabarrena

Eusko Legebiltzarrak Lehentasunez Jarduteko Eremu izendatu du Debabarrena
ETA KITTO 2023, Aza 21

Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu du Debabarrena Lehentasunez Jarduteko Eremu izendatzea eta eskualdea suspertzeko ponentzia. Joan den azaroaren 16an egindako osoko bilkuran landu zuten gaia. Ponentzia onartzearen ondorioz, Debabarrena sozioekonomikoki biziberritzeko erakunde arteko plan estrategikoa diseinatuko dute. Debegesatik, Debabarreneko Garapen Agentziatik jakinarazi dutenez, plan horrek gutxienez 24-26 milioi euroko aurrekontua izango du eta lau urtean egin beharreko inbertsio lerroak zehaztuko ditu.

 

Eusko Legebiltzarrak onartu duen Debabarrena Suspertzeko Ponentziaren arabera, azken urteotan Debabarrenak jasan duen “gizarte-eta ekonomia-narriadurak” arrazoitzen du eskualdea Lehentasunez Jarduteko Eremu izendatzea, Enkarterrirekin, Ezkerraldearekin, Meatzaldearekin, Oarsoaldearekin eta Aiaraldearekin batera.

Debegesatik, eskualdeko Garapen Agentziatik jakinarazi dutenez, erabaki horren ondorioz, datorren urteko martxoaren amaierarako, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiekin lankidetzan, Debabarrena sozioekonomikoki biziberritzeko erakunde arteko plan estrategiko bat diseinatu beharko du.

Plan horretan zehaztuko dira Debabarrenari bultzada emateko eta eskualdeko kohesioa lortzeko behar diren lehentasuneko ekintzak eta gauzatuko diren proiektu traktoreak. Gutxienez, 24 edo 26 milioi euroko aurrekontua izango du, lau urtean egin beharreko inbertsio lerroak zehaztuko ditu eta jarraipena, koordinazioa eta ebaluazioa Debegesarekin, eta ondorioz, eskualdeko zortzi udalekin elkarlanean egingo da.

 

Hazkunde ekonomikoa geldi

Debabarrena Suspertzeko Ponentzia 2021eko urrian aurkeztu zuten. Ordutik hona, Debabarrena osatzen duten zortzi udalerrietako -Eibar, Elgoibar, Deba, Mutriku, Soraluze, Mendaro, Mallabia eta Ermua- hainbat eragile sozialek, ekonomikok eta instituzionalek agerraldiak egin dituzte Legebiltzarrean.

Ponentziaren hasieran, orain onartutako ondorioak biltzen dituen dokumentua aurkeztu zen eta bertan nabarmentzen den ondorio nagusia da Debabarreneko hazkunde ekonomikoa  geldirik dagoela.

Hurrengo agerraldietan eta bileretan egiaztatu da aurreko hamarkadatan Debabarrenak ezaugarri izan duen industria jarduerak indarra galdu duela, hainbat arrazoirengatik: enpresak itxi egin direlako, batzuk Donostiara eta Bilbora joan direlako eta berriek ez dutelako Debabarrena aukeratzen eskualdearen orografia konplexuagatik. Indar galera horrek eragin zuzena izan du eskualdeko udalerrien bizitzan.

 

Zahartze-prozesua

Horrekin batera, gabezia nagusien artean, bizilagunak gutxitu izana ere nabarmentzen da txostenean. Gaineratzen denez, Debabarrena zahartze-prozesu handia jasaten ari da; kontsultatutako eragileen arabera, gazteak beste udalerri batzuetara joaten dira bizitzera, bai etxebizitzaren prezioengatik (batez ere herri turistikoenetan) eta baita eraikinen narriadurarengatik ere.

Horrek guztiak ekarri du, baita ere, Debabarreneko langabezia-tasa Gipuzkoako, Bizkaiko eta Bizkaiko eta EAEko batez bestekoa baino handiagoa izatea, eta DBE -Diru-Sarrera Bermatzeko Errenta- jasotzen dituztenen pertsona kopurua ere handia izatea.

Bestalde, immigrazioa eta gizarteratzea ere premiazko arreta merezi duten gaitzat hartzen dira. Txostenean adostutako dokumentuaren arabera, ahalegin handia egin behar da enplegagarritasun- eta prestakuntza programetan, pertsona horien guztien integrazioa bermatzeko.

 

Hiriak eta auzoak berroneratu

Hori guztia aintzat hartuta, zenbait proposamen daude jasota txostenean. Adibidez, hirien berroneratzea, degradatutako auzoen berroneratzea eta okerren dauden eremuen berroneratze integralaren alde egin, irisgarriagoak eta energetikoki eraginkorragoak izan daitezen. Bestalde, hiri-eremuan ere garraio publikoaren hobekuntza beharrak nabarmentzen dira.

Horrekin batera eta biztanleriaren zahartzea kontuan hartuta, eskualdean errotuta dauden zenbait lanbidek biziraun dezaten prestakuntza dualarekin lotutako neurriak bultzatzea proposatzen da; profesionalen gabeziari aurre egiteko enplegagarritasun-programak eskaini, enpresei eskualdean egonkortuko den talentua eta espezializazioa erakartzeko aukera emango dieten profiletako prestakuntzaren alde egin.

 

Tranbia, tren-geltokia…

Bestalde, oro har, Debabarrena suspertzeko lehentasunezko ardatzak bi dira: industriari lotutako jarduera ekonomikoa eta zaintzari lotutako herritarren ongizatea  bultzatzea, baina era berean, garrantzia handia ematen dio turismoari.

Azkenik, mugikortasun dagokionean, honako jarduerak beharrezkotzat ikusten dituzte: Ermua eta Deba arteko tranbiaren maiztasuna hobetzea, Zumaia eta Donostia artean orain dabilen trena Debaraino zabaltzea edo Mutriku, Itziar, Mallabia eta Soraluze artean anezka -lanzadera- bat sortzea planteatu du. Maltzagako nodoan ere jarduketa egitea proposatzen du, tren-geltokia berreskuratzeko, autobus-geltokia kokatzeko eta autoendako eta bizikletentzako aparkalekuak eraikitzeko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »