Gaur arratsalderako eta bihar eguerdirako kontzentrazioak deitu ditu LAB sindikatuak

Gaur arratsalderako eta bihar eguerdirako kontzentrazioak deitu ditu LAB sindikatuak
2021/04/23 11:10
eta kitto!
Martitzenean Espainiako Poliziak LAB sindikatuko sei kide Nafarroan atxilotu zituela eta, gertatutakoaren kontra protesta egin eta borroka sindikalaren garrantzia azpimarratzeko, gaurko kontzentrazioa deitu du sindikatuak, 19:30ean Untzagan. LAB sindikatutik salatu dutenez, “patronala eta polizia eskuz esku aritu dira sindikalismo borrokalariaren kontrako operazioan”. Atxiloketak bi protesta ekintzen harira egin zituzten, “martxoaren 8an CEN enpresaburuen elkartearen egoitzan egindako protesta bategatik eta apirilaren 9an Garbiketen greba iragartzeko ISN enpresako kamioi baten gainera igotzeagatik”.


Eta biharko bigarren kontzentrazio bat ere deitu dute, 12:30ean Untzagan, Microdeco enpresako beharginek bizitzen ari den egoera dela eta: “Enpresak ez du zorra ordaintzeko akordioa bete, martxoko nomina ere ez dute ordaindu eta ziur apirileko nomina ere ez digutela ordainduko. Xantaia egiten digute: soldata %18 jaistea onartu eta Bizkaiko Metaleko hitzarmenera pasatzen gara, edo lehiaketa eta likidaziora goazela diote”.