Haurreskolak Partzuergoko langileek greba hasi dute eta bihar "familien babesarekin" Untzagan elkarretaratuko dira

Haurreskolak Partzuergoko langileek greba hasi dute eta bihar "familien babesarekin" Untzagan elkarretaratuko dira
2021/02/22 eta kitto!
Haurreskolak Partzuergoko langileak hilabeteak daramatzate euren etorkizunaren alde borrokan eta, Hezkuntza Sailak deitu zuen azken mahai negoziatzailetik bi hilabete pasa eta gero oraindik ere berririk jaso ez dutela ikusita, gaur, bihar eta etzi greba egitea erabaki dute. Horrekin batera, bihar 17:00etan Untzagan batuko dira, familien babesarekin elkarretaratzea egiteko eta egunean zehar kotxekarabana ibiliko da herrian bueltaka.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Hezkuntza Sailaren jarrera salatzeko komunikatua egin dute eta, bertan jaso dutenez, “lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasa izatea iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea. Abenduaren 22ko mahai negoziatzailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Haurreskolen bideragarritasuna zalantzan jartzeaz gain, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Partzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe. Gauzak horrela, berririk gabe jarraitzen dugulako, egin dezakegun balorazio bakarra, bilera birritan atzeratu ostean, Jokin Bildarratz lehendakari den Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza batzordea ez dela bildu. Batzordera errebisatzera eraman nahi zituzten akordioak ez dituztela eraman, beraz, eta ematen du alde bakarrez momentuz ez dituztela berrikusi”.

Gauzak horrela, sindikatuetako ordezkariek Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari “haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala” eskatzen diote, “baita pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera nola gauzatuko den argitzea ere”.

Mobilizazioekin lortu nahi dituzten eskaera nagusiak hauek dira:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.

  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.

  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.

  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.

  • Aurrekontua handitzea.