Haurreskolak Partzuergoko langileek negoziazio kolektiboa eskatzeko kontzentrazioa egin dute Untzagan

Haurreskolak Partzuergoko langileek negoziazio kolektiboa eskatzeko kontzentrazioa egin dute Untzagan
2021/02/23 19:54
eta kitto!
LABek, ELAk eta STEILASek deituta, atzoko moduan gaur ere greba egin dute Haurreskolak Partzuergoko langileek eta bihar ere hala egingo dute. Hiru egun hauetarako deitu dituzten lanuzteek jarraipen handia izaten ari direla adierazi dute sindikatuetako ordezkariek eta, euren arabera, langileen %72 inguruk egin du grebarekin bat atzo eta gaur. Horrekin batera, Hezkuntza Sailari negoziazio kolektiboa eskatzeko mobilizazioak egin dira herri askotan. Eibarren, goizetik kotxe-karabanan ibili dira, protesta egiten, eta arratsaldean, berriz, kontzentrazioa egin dute Untzagan. Bihar Gasteizera joango dira, Hezkuntza Sailari negoziazioa eskatzera eta sindikatuetatik egin dituzten eskaera nagusiak zeintzuk diren gogoratzera:

  • Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.

  • Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.

  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.

  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.

  • Aurrekontua handitzea.