Hauteskundeetako Eibarko datuak eta balorazioa PDF formatoan eskuragarri

0    Politika 
ETA KITTO ETA KITTO
Hauteskundeetako Eibarko datuak eta balorazioa PDF formatoan eskuragarri
ETA KITTO 2019, Aza 11

EAJ-PNV garaile Eibarren,  PSE-EEk baino 250 boto gehiagorekin

PSE-EEk Eibarren izaten duen bere ohiko nagusitasuna galdu du Kongresurako eta Senaturako hauteskunde “errepikapenean” eta oraingoan EAJ-PNVren atzetik geratu da eibartarrek emandako boto kopuruan. Orain dela zazpi hilabete izandako hauteskundeekin konparatuz, jeltzaleek orduko emaitzeei eutsi diete (4.173tik 4.180ra pasatuz), sozializtek 376 galdu diztuzten bitartean (apirileko 4.306tik oraingo 3.930era pasatuz). Hirugarren eta laugarren postuetan ere aldaketak izan dira, oraingoan EH Bilduk aurrea hartu dio-eta Elkarrekin Podemosi. Abertzaleek apirilean baino 100 boto gehiago izan dituzte (orduko 2.689 oraingo 2.790 bihurtuta) eta Podemosekoak urruti geratu dira, Bildu baino ia 580 boto gutxiagorekin (orain dela zazpi hilabete 2.862 lortu bazituzten, orain orduan baino 650 gutxiago eskuratu dituzte eta 2.213rekin geratu dira). PP-k bosgarren jarraitzen du izaten eta apiriletik hona 64 boto irabazi ditu, 836tik 900era pasatuz. Ciudadanosek gurean ere boto asko galdu ditu eta aurrekoetan 317 lortu zuenak oraingoan 97 eskuratu ditu bakarrik, hau da, orduko 220 botoek egin diote ihes. Azkenik, VOXek aurrekoen antzerako emaitza lortu du: 210etik 204ra pasatuz, sei boto gutxiagorekin. Portzentaietan, jeltzaleek botoen ia %29 jaso dute, sozialistek %27, EH Bilduk %19, Elkarrekin Podemosek %15 eta PPk %6. VOX %1lortu badu ere, Ciudadanos ez da maila horretar ere iritsi. Parte-hartzeari begira, oraingoan bost puntu jaitsi da apirilekoarekin konparatuz: orduko %74 oraingoan %69an geratu da. Abstentzioa, beraz, %26tik %31ra igo da.

Estatuko emaitzak
Gurean hainbat aldaketa izan diren moduan, estatu mailan ere gauzak zertxobait mugitu dira. Hala ere, gobernua osatzeko orduan ezin da esan gauzak konpontzeko bidean jarri direnik, ezkerreko eta eskumako alderdien arteko indarrak bere horretan jarraitzen dutelako. Hori bai, eskumako hiru alderdiek orain hiru diputatu gehiago dituzte (VOXek 28 irabazi ditu, PPk 22 eta Ciudadanosek 47 galdu), ezkerreko hiruren artean zortzi galdu dituzten artean (Mas Paisek bi irabazi ditu, baina PSOEk hiru galdu eta Unidas Podemosek zazpi). Horrela, beraz, eskumak tartetxoa kendu dio ezkerrari. Kongresurako diputatuak honela banatuko dira: PSOEk 120 (-3), PPk 88 (+22), VOXek 52 (+28), Unidas Podemosek 35 (-7), Esquerra Republicanak 13 (-2), Ciudadanosek 10 (-47), Junts per Cat-ek 8 (+1), EAJ-PNVk 7 (+1), EH Bilduk 5 (+1), Mas Paisek 3 (+2), CUP-ek 2 (+2), Navarra +-ek 2 (lehen bezala), Coalicion Canariak 2 (lehen bezala), Bloque Nacionalista Galegoak 1 (+1), Partido Regionalista de Cantabriak bat (lehen bezala) eta Teruel Existe-k beste bat (+1). Ikusten denez, gorakada handiena VOXek izan du, PP-ren gainetik eta porrot nabarmenena Ciudadanoserena izan da. Euskal alderdiei begira, bai EAJ-PNV-k eta bai EH Bilduk, biek ere, parlamentari bana irabazi dute.

Euskal Herriko emaitzak
Euskal Autonomi Elkartean EAJ-PNV nagusitu da, zazpi diputatuekin, PSE-EEk eta EH Bilduk jarraitu diote, laurekin, eta Unidas Podemos izan da laugarren ordezkaria, hirurekin. Apirileko hauteskundeekin parekatuz, EAJ-PNVk Unidas Podemosi kendu dio bat. PPk eta eskumako beste alderdiek ez dute oraingoan ere ordezkaritzarik lortu. Nafarroako bost ordezkariak, bestalde, honela banatu dira: Navarra +-ek bi parlamentari izango ditu eta PSN-k, EH Bilduk eta Unidas Podemosek bana. Hor EH Bilduk PSN-ri kendu dio bat.

Kataluniako emaitzak
Kataluniak Esquerra Republicanak irabazi ditu hauteskundeak, 13 diputaturekin, PSCko sozialisten aurretik (hauek 12 lortu dituzte). Euren atzetik geratu da Junt per Cat, zortzirekin eta En Comun Podem, zazpirekin. Guztira Madrilera joango diren 48 postuak betetzeko, beste lau alderdik eskuratu dute ordezkaritza, bakoitzak bina diputaturekin: PP, VOX, CUP eta Ciudadanos.

PDF-a deskargatzeko: https://etakitto.eus/mediateka/hauteskunde-aleak

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »