Inauguratu dute Eibar eta Elgoibar elkarrekin konektatzeko egin den bidegorria

Inauguratu dute Eibar eta Elgoibar elkarrekin konektatzeko egin den bidegorria
2020/12/30 eta kitto!
Gaur eguerdian inauguratu dute Eibar eta Elgoibar elkarrekin lotzeko egin duten bidegorria. Ekitaldian Markel Olano Ahaldun Nagusiak, Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatuak eta Miguel de los Toyos Eibarko alkateak hartu dute pare, besteak beste. Romerok inaugurazioan nabarmendu duenez, “orografia eta ibilbidean dauden azpiegiturak kontuan harturik, Gipuzkoako bidegorri konplexuenetako bat” eraikitzeko epeak bete dira. Bide berria jardunbide egokien adibide gisa proposatu dute Europan, eta bat dator ‘Erresistentzia eta Erresilientzia’ proiektuekin, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren Mugikortasun Seguru, Jasangarri eta Konektatuaren estrategian.

Ekitaldian adierazi dutenez, lehenengo bide-tartea irailean amaitu zuten eta Eibar eta Elgoibar txirrindularientzat eta oinezkoentzat konektatzen dituen bidegorri osoa (2,1 kilometroko luzeera eta 3 metro inguruko zabalera du ibilbidearen zati handi batean), berriz, abenduan amaitu dute eta Debabarreneko txirrindulari eta oinezkoen mugikortasunerako funtsezko trazadura eskaini du. Azitain eta Maltzaga konektatzen dituen bide-tarteak lau pasabide ditu, “zailtasun geografikoak gainditzeko eta txirrindulari eta oinezkoen joan-etorriak ahalbidetzeko”. Horietako bik 80 metrotik gorako luzeera dute, eta Ego erreka eta Deba ibaia eta GI-627 errepidea zeharkatzen dituzte, hurrenez hurren. Bidegorria egiteko aurrekontua 5,1 milioikoa izan da.