Intxortako miliziano eta gudariak gogoratuko dituzte Elgetan

Intxortako miliziano eta gudariak gogoratuko dituzte Elgetan
2012/04/20 eta kitto!

Eibarren ez ezik, Elgetan ere gerra sasoia oso gogoan edukiko dute asteburuan, bertako Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatutako hainbat ekitalditan. Eurek gogoratzen dutenez, "orain dela 75 urte elgetatarrek eta Intxortaren magalera borrokatzera etorritako milaka miliziano eta gudarik, zazpi hilabetez, 1936ko irailetik 1937ko apirilera arte, gerraren aurpegirik bortitzena jasan zuten, ankerkeria hain zuzen ere. Atxiloketak, fusilamenduak, sorgin-ehiza, andrazkoen kontrako errepresio basatia, bortxaketak, derrigortutako beharrak… Baina gogorrena, 75 urte pasatu ostean ere, oraindik inork ez duela barkamenik eskatu da".
Eibarren moduan, Elgetan ere erresistentziaren eredu izan ziren eta bertan borrokan jardun zutenei esker atzeratu zen nazionalek gure herriak eta ingurukoak euren menpe hartzea: "Matxinatuak eta euren aliatuak, alemaniar, italiar eta marrokiekin ezin izan zituzten Elgetako sektoreko lubakiak gainditu. Mola eta Camilo Alonso Vegaren tropak behin eta berriz porrota jasan zuten euren erasoaldietan. Militar profesionalen aurrean, gudari eta milizianoen buruzagiak zibilak ziren: Felipe Bediaga, Pablo Ugarte, Segundo Olazagoitia, Patxo Gorritxo, Felix Casero, Pablo Beldarrain… baina gudari eta milizianoen armarik onena askatasunaren irrintzian sinestea izan zen".
Horregatik, frente hori erori zela 75 urte betetzen direla-eta, omenaldia antolatu dute domekarako, hilaren 22rako "kolpe faxistaren ondorioak jasan zituztenak gogoratzeko". 10.30etan ekingo diote egitarauari, omenaldian parte hartuko dutenei Espaloia Kafe Antzokian harrera eginda. Omenaldia, berriz, 12.00etan egingo dute Intxortako Atean (euria egiten badu Espaloian bertan egingo litzateke). Jarraian, Salbadorrera martxa egingo dute, zibilen fusilamenduak oroitzeko monumentuan lore-eskaintza egiteko. Elgetara jaitsiera, Andoaingo banda errepublikanuarekin lagunduta egingo dute. Eta 14.30etatik aurrera Espaloian bazkalduta amaituko dituzte egunerako antolatutakuak.