Kontzentrazioa deitu dute gaurko, Altsasuko auziaren sententziaren kontra

Kontzentrazioa deitu dute gaurko, Altsasuko auziaren sententziaren kontra
2019/10/10 eta kitto!
Eibarko Ernaik deituta, gaur kontzentrazioa egingo da Untzaga plazan, 19:00etan, atzo Auzitegi Gorenak  ezagutzera emandako Altsasuko auziaren sententziaren kontra. Ernai-ren esanetan,  "Auzitegi Gorenak gazte altsasuarren aurkako kondena murriztu duen arren, zirkuak bere horretan darrai. Muntaia mediatiko, politiko, judizial eta polizialaren aurrean, gaur, urriak 10 (osteguna) kontzentrazioa egingo dugu Untzaga Plazan, "Muntaia mediatiko, politiko, judizial eta polizialaren aurrean, GAZTEOK KALERA!" lelopean.


Epaileak uste du Altsasuko liskarrean "diskriminazioa" eta "nagusitasun abusua" larrigarriak ez direla aplikatu behar, eta urtebete eta 6 hilabeteetatik 9 urte eta 6 hilabetera arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie zortzi gazteei. Preso dauden zazpiek espetxean segi beharko dute eta erabakia kritikatu dute Altsasuko Gurasoek: "Gorenaren erabakiak injustiziari jarraipena eman dio eta gure semeak kartzelan mantendu ditu".

Espainiako Auzitegiak 13 urteko espetxe zigorra ebatzi zuen Oihan Arnanzentzat, 12 Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Aldarentzat, 9 Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizolarentzat, 6 Iñaki Abadentzat eta 2 Ainara Urkijorentzat.

Orain, Gorenak honako zigorrak ebatzi ditu: 9 urte eta 6 hilabeteko kartzelaldia Oihan Arnanzentzat, 8 urte eta erdiko Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Aldarentzat, 7 urte eta erdikoa Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxearentzat, 4 urte eta 2 hilabetekoa Aratz Urrizolarentzat, 3 urte eta erdi Iñaki Abadentzat eta urte eta 6 hilabetekoa Ainara Urkijorentzat.

Gazteetako batzuek 1.000 egun baino gehiago daramatzate espetxean.