Nolakoak izango dira uztailaren 12ko hauteskundeak? Osasun-jarraibideen berri eman du Jaurlaritzak

Nolakoak izango dira uztailaren 12ko hauteskundeak? Osasun-jarraibideen berri eman du Jaurlaritzak
2020/06/02 eta kitto!
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Segurtasuneko sailburuek uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako osasun-jarraibideak azaldu zituzten atzo. Jarraibide nagusiak dira segurtasun-tartea uztea, maskara erabiltzea, eskuak sarri garbitzea, gainazalak eta leku jendetsuak garbitzea eta desinfektatzea eta jendea pilatzea eragoztea. Jarraibide hauen helburu nagusia da "herritarrek botoa emateko eskubidea bermez osoz gauzatu ahal izatea, osasun-egoerak eskatzen dituen segurtasun-berme guztiekin".

Aurreratu dutenez, hauteslekuak ez dira adinekoen egoitzetan kokatuko. Bestalde, hauteskunde-mahaia osatzen duten pertsonen arteko segurtasun-tartea (1,5 m) bermatuko da, bai eta botoa ematera joaten diren pertsonen artekoa ere lurrean jarritako marken bidez; marka horiek norberaren txanda iritsi arte itxaroteko lekua seinaleztatuko dute. Berdin jokatuko da altzarien kasuan ere: boto-kutxa, kabinak, eta abar. Antolaketa-neurriak hartuko dira hauteslekurako sarbideetan ordena mantenduko dela bermatzeko. Horretarako, sarrera-irteerak antolatuko dira jendea pilatzea eragozteko. Ilarak sortzen badira, hautesle zaurgarriak (65 urtetik gorakoak edo haurdun dauden emakumeak) lehenetsiko dira, hauteskunde-mahaietan ahalik eta denborarik gutxien igaroko dutela bermatzeko. Bozketa-egunaren aurretik, instalazioak desinfektatuko dira. Aireztatuta egongo dira hauteslekuak, eta mahaiak, boto-kutxak eta kabinak tarteka garbituko dira, bai eta komunak, ateen heldulekuak, eskudelak eta sarri ukitzen diren bestelako gainazalak ere. Hauteskunde-mahaiak ixten direnean, lokalak garbitu eta desinfektatuko dira, eta sarreran nahiz mahaietan gel hidroalkoholikoa egongo da, bai eta zakarrontziak ere erabili eta botatzeko mukizapiak edo bestelako materialak botatzeko.

41 hautesleku gehiago eta kokaleku berriak
Hauteskunde hauetan aurrekoetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira: 6 gehiago Araban; 27 gehiago Bizkaian eta 8 gehiago Gipuzkoan. Horrez gainera, uztailaren 12an egongo diren 761 hauteslekuetatik 100ek beste kokaleku bat izango dute. Herritarrek, beraz, arretaz irakurri beharko dute EINk etxeetara bidaliko duen errolda-txartela, bertan jartzen baitu hautesle bakoitzak zein hautesleku eta mahaitan eman behar duen botoa.

informazio gehiago hemen.