Pertsonak eta bizitza izango dira lehenak M1ean, Langileen Nazioarteko Egunean

Pertsonak eta bizitza izango dira lehenak M1ean, Langileen Nazioarteko Egunean
2019/04/29 16:26
eta kitto!
Gaur egun nagusi den eredu kapitalistari aurre eginez, ELA sindikatuak bizitza bera jarri nahi izan du erdigunean Maiatzaren Lehenean. Horregatik aukeratu du “Bizitza da lehena. Nuestras vidas frente al capital” goiburua. Diotenez, “erabat kontrajarriak diren kontzeptuak dira kapitala eta bizitza, eta bigarrenaren alde egin beharra dago lehenari aurre egiteko”. Azken urteetan bezala, ELAk Bilbon eta Iruñean ospatuko du Maiatzaren Lehena. Bilbon hitzordua 11:45etan da, Jesusen Bihotzean; Iruñean, berriz, 12:00etan, Gurutze Enparantzan. Hiriburu bietan egingo diren manifestazioen ostean bazkariak egingo dira eta bertara joateko txartelak salgai daude ELAren egoitza guztietan.

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak eta Maider Jauregi Komunikazio idazkariak Bilbon aurkeztu zituzten Maiatzaren Leheneko mobilizazioak. “Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi" goiburuari jarraituta egingo diren mobilizazioetan “gazteak, pentsiodunak, lan gatazketan borrokan ari diren langileak, migranteak eta feministak oso presente” izango dituztela azaldu zuten. Euren berbetan, "Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitzaren alde egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriak erabaki egin behar du”. Deialdi bikoitza egin dute aurten: “Ipar Euskal Herrian, Baionan mobilizatuko gara eta Hego Euskal Herrian, berriz, Iruñean, egun osoko egitarauarekin. Mobilizazio nagusia 12:00etan izango da, Gaztelu plazatik abiatuta”. Sindikatuak Iruñera joateko autobusa antolatu du eta izena emateko tokiak hauek dira: Buenos Aires taberna (Eibar), Maxi (Deba), Jai Alai (Elgoibar) eta Arrano (Soraluze). Horrez gain, LABeko Eibarko egoitzara telefonoz deituta (943820489) ere eman daiteke izena. Ordutegia, berriz, hau da: 08:50 (Deban, autobus geltokian), 09:10 (Elgoibarren, Txantxakuan), 09:20 (Eibarren, Ego-gainen) eta 09:30 (Soraluzen, estaziñoan). Bueltakoa 18:00etan irtengo da Iruñeatik.

Eta UGT eta CC.OO. Euskadiko Langile Komisioak sindikatuek ere beste edozeren gainetik pertsonen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, “Pertsonak aurretik. Primero las Personas” goiburuak argi erakusten duen bezala. Horrekin batera, eskubide, berdintasun eta kohesio gehiago eskatzen dituzte. EAEko hiru hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak: Bilbon, 11:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta; Gasteizen, 12:00etan, Ama Zuriaren plazatik abiatuta; eta Donostian, 12:00etan, Alderdi Ederretik, hasita.

Sindikatuek Langileen Egunerako deitu dituzten mobilizazioak domekan gogoratuko den Lan Osasunaren Eguna igaro eta jarraian egingo dira, baina apirilaren 28aren harira hainbat salaketa egin dituzte egunotan. Euskadiko Langile Komisioetako Loli Garciak 2019an lan istripuetan 11 lagun hiltzea “izugarria” dela esan du, “prekarietateak hil egiten duela” azpimarratzeaz gain, “are gehiago Euskadin egiten diren kontratuen %60 hilebete baino gutxiagoko iraupena dutela eta istripu gehienak epe horren barruan gertatzen direla jakinda”. Eta LABen arabera, "2018. urtean, Hego Euskal Herrian, 105.127 lan istripu gertatu ziren, 288 eguneko; horietatik 283 larriak izan ziren eta 67 hilgarriak. Azken bost urteetan, 268 langile hil dira lan istripuen ondorioz. Datuak eskandalagarriak dira, lan istripu gehienak saihestu daitezkeela kontutan hartzen badugu, bereziki”.