Roberto Perez Jauregi omenduko dute abenduaren 9an udaletxean

Roberto Perez Jauregi omenduko dute abenduaren 9an udaletxean
2021/12/03 eta kitto!
Abenduaren 9an, arratsaldeko 18:00etan, Eibarko Udalaren Batzar Aretoan, Eusko Jaurlaritzaren Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak eta Eibarko Udalak antolatuta, 1970ean polizia indarkeriaren biktima aitortua izan zen Roberto Perez Jauregiren omenez ekimen bat gauzatuko da.

Herritarren artean antolatutako Eibarko Memoria Taldeak dei egiten die eibartar guztiei “erreparazio historikoaren ekimen instituzional honetan partaide izateko”. Pandemiaren eraginez lokalaren eduki murriztapenei buruz hartu behar diren neurriak kontuan izanik, Gogora Institutuak joango direnei aldez aurretik horren berri emateko eskatu du. Horretarako gogora.memoriahistorikoa1@euskadi.eus helbidera idatzi edo 94403134 telefono zenbakira deitu daiteke.

Eibarko Memoria Taldetik gogoratu nahi dutenez, “Roberto Perez Jauregi eibartarra 1970eko abenduaren 8an hil zen, 21 urte zituela, Eibarko herritarren aurka poliziak berbertatik egindako tiroen ondorioz. Tiro horiek modu baketsuan eta masiboan Burgosko Prozesua deiturikoarekin egin ziren herri-mobilizazioetan gauzatu ziren. Auzitegi frankista hartan, besteak beste, hiru eibartar agertzen ziren: Enrique Gesalaga, Jon Etxabe eta Mario Onaindia. Burgosko prozesuak abenduaren 3tik 9ra iraun zuen, eta demokrata guztientzat erregimen frankista beraren aurkako herri-epaiketa bihurtu zen. Herriak lortu zuen antifrankista haiek ez exekutatzea, baina Eibarko manifestari gaztearen bizitza errugabeak ez zuen erreparaziorik izan”.

Datorren asteko oroimenezko ekitaldiarengatik Gogora Institutuaren eta Udalaren ekimena agurtzen dute: “Urrats bat dela uste dugu eta, horregatik, herritarrei dei egiten diegu omenaldiko ekitaldi instituzional honetara joan daitezen. Bere familiak merezi du”.

Eta, horrekin batera, orain dela urtebete Udalbatzak hartutako erabakia aktibatzeko unea dela uste dute: “Konpontzailea izango litzateke, halaber, gure Udalak duela urtebeteko Osoko Bilkurak (2020-12-04) Roberto hil zuten Karmeldarren inguruko plaza (gaur egun izenik gabea) Memoriari eskaintzeko hartutako erabakia martxan jartzea, baita monolito bat jartzea ere, Eibarko herri osoak indar frankisten esku 1936ko bonbardaketetatik hasi eta duela 50 urte arte, bere mobilizazioen ondorioz, jasan zuen eraso kriminala irudikatzen duen une historiko bat oroitzeko. Biktima guztien memoriarako plaza bat”.