Selektibitatearen kontrako elkarretaratzeak deitu ditu Ikasle Abertzaleak gazte erakundeak

Selektibitatearen kontrako elkarretaratzeak deitu ditu Ikasle Abertzaleak gazte erakundeak
2021/06/07 eta kitto!
Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) sartu ahal izateko selektibitate probak bihar hasiko direla eta, horren kontrako elkarretaratzeak deitu ditu Ikasle Abertzaleak-ek bihar goizerako: 10:30ean kontzentrazioa egingo da Eibarko Ingeniaritza Eskolan, baita Leioan (Mikel Laboa plazan), Gasteizen (Elurretan) eta Donostian (Aulariopean) ere. Diotenez, "ikasturtea bukatzear den honetan, milaka ikaslek beriz ere aurre egin beharko diete selektibitateari, unibertsitatera sartzeko probari, zein Baxoari. Aurten, gainera, azterketak egingo dituzten ikasle guztiek ikasturte bat baino gehiago COVID-19ak areagotutako krisi testuingurua bizi izan dute. Hezkuntzaren kasuan agerikoa izan da jasandako kalitatearen beherakada, ikas-baldintzak nabarmen okertuz eta familia proletarizatuenen zailtasunak areagotuz. Izan ere, gero eta gehiago dira klase partikularrak behar dituzten ikasleak edota ikasketa-materiala eskuratzeko gaitasun ekonomikorik ez dutenak. Guzti horrek eragin zuzena du ikasleen ebaluazioan, baita unibertsitatera sartzeko proban ere, euren etorkizuna erabat baldintzatuz".

Gazteen arabera, unibertsitatera sartzeko probak "filtro sozial funtzioa" betetzen du eta, horren eraginez, "ikasle eredu konkretu batek baino ez du egiten aurrera ikasketa prozesuan, beste asko bidean geratzen diren bitartean" eta horren aurka azaltzeko egingo dituzte biharko mobilizazioak.