Ubitxa-San Kristobal igogailuak aurten egingo dira, "jeltzaleek aurrekontuari egindako zuzenketari esker"

Ubitxa-San Kristobal igogailuak aurten egingo dira, "jeltzaleek aurrekontuari egindako zuzenketari esker"
2021/01/28 eta kitto!
Ubitxako behealdea San Kristobalgo punturik altuenarekin lotuko duten igogailuak 2021ean egingo dira, “EAJ-PNVren ekimenez diseinatutako proiektua udal aurrekontuan sartu ondoren”. Pasabide bana izango duten bi igogailuak Ubitxa auzoaren barrualdea zeharkatuko dute eta, behin martxan ipinita, hor bizi diren askoren irisgarritasun arazoak konponduko dituzte.

Lehen igogailua Ubitxako 2. zenbakiaren eta Potosioko etorkizuneko etxebizitza-eraikinaren arteko tartetik abiatuko da. Eraikin horren atzeko parkean egingo du lehenengo geldialdia, etxebizitza-bloke horretarako erabateko irisgarritasuna bermatuta. Igogailuak bigarren geltoki bat izango du, gorago, eta 27 metroko pasabide baten bidez lotuko ditu Ubitxa eta San Kristobal. Puntu horretan aldapa berriak eta bigarren igogailu bat egingo dira. Horrela, kalearen goialdera ailegatuko da, jaiak ospatzen diren plazatik gertu.

Josu Mendicute Eibarko EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak azaldu duenez, bere alderdiak aspalditik egin du proiektu honen aldei. "Zinegotzi izan aurretik, Eva Juezekin batera auzora joan nintzen, auzotarren ordezkaritza batekin elkartzera. Orduan hartu genuen Irisgarritasun eta birgaitze plan bat bultzatzeko konpromisoa eta halaxe defendatu dugu orduz geroztik”. Proiektua gauzatzea “behin eta berriz proposatu” dutela adierazi du, horretarako urtero aurrekontuari zuzenketak eginda 2016az geroztik, azkenean aurten onartzea lortu duten arte.