Udal aurrekontuaren kontrako botoa emango du EH Bilduk

Udal aurrekontuaren kontrako botoa emango du EH Bilduk
2022/02/11 11:26
eta kitto!
Gaur goizean Bilgunean eman duten prentsaurrekoan, “PSE-EEren 2022ko aurrekontuaren kontra” bozkatuko dutela adierazi dute Eibarko EH Bilduko ordezkariek. Gorka Errastik esan duenez, “aurten deigarria izan da PSEren negoziatzeko interes falta” eta, aurreko ekitaldietan, aurrekontuen negoziazioetan, alderdi guztiekin akordioetara heltzeko saiakerak egin arren, “aurten PSEren udal gobernua adostasun batera ailegatzeko saiatu ere ez dela egin” gaineratu du.

Horretarako arrazoia alderdi sozialistak eta Eibarko EAJ-PNVk hitzartutako akordioa izan daitekeela pentsatzen dute Bildukoek: “Beti diogu, PNVren laguntzarekin aurrekontuak onartuko dituenaren lasaitasunarekin jartzen dela negoziatzera PSE gainontzeko alderdiokin. Baina saiakera txikiak egin izan ditu. Aurten, ordea, ezta hori ere ez. Urteetako PNVren abstentzioa, baiezko borobila bilakatu delako izango ote da?”.

Errastiren berbetan, “urtarrilaren hasieran egin genuen lehen bilera eta bertan aurkeztu genizkien gure 33 proposamenak. Guk aurkeztutakoak epe luzerako proposamenak eta, gainera, aurrekontu handia behar zutela erantzun ziguten. Harro dago horrekin EH Bildu. Guztiz landutako proposamenak erregistratu genituen, epe luzekoak epe motzekoen aurrean lehenetsiz. Aztarna utzi zezaketen proposamen eraldatzaileak, eta ez ekimen puntualak. Eta hiru astetan ezer jakin barik egon eta gero, bigarren bileran jakinarazi ziguten jeltzaleekin adostasun batera ailegatu zirela. Kortesiazko bilera hutsa, hortik bost minutura lortutako akordioa prentsan iragartzeko. Iazkoa baino akordio merkeagoa lortu du PNVk. Iaz gainera, 1.600.000 euro inguruko akordioa ere lortu zuen EH Bilduk”.

EH Bilduk negoziatzeko duen gaitasuna aspaldi erakutsi duela uste dute, eibartarron bizitza hobetzeko akordioetara helduz. Aurten ordea, PSEk ez du jokoan sartzerik nahi izan. Ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Aurrekontuari egin genizkion 33 proposamenak aztertzeko kontrasterako bilera bakarra izan genuen urtarrila hasieran. Bertan gainera, gure proposamenak epe luzekoak zirela aurpegiratu zigun PSEk.

Hiru astetan inolako berririk izan gabe egon eta gero, bigarren bileran, PNVkin akordio batetara heldu eta gainontzeko alderdion proposamenentzat dirurik ez zegoela adierazi zigun PSEk. Kortesiazko bilera hutsa, hortik bost minutura lortutako akordioa prentsan iragartzeko. Iazkoa baino akordio merkeagoa lortu du PNVk. Iaz gainera, 1.600.000€ inguruko akordioa ere lortu zuen EH Bilduk. Nola da posible aurten ordea, gainontzeko proposamenentzat dirurik ez egotea?”. Gauzak horrela, EH Bilduk osoko emendakina mantendu eta 2022ko aurrekontuen kontra bozkatuko duela berretsi dute.