Udal-gobernuak 2023rako ordenantza fiskalak eta prezio publikoak aldatzeko proposamenak aurkeztu ditu

Udal-gobernuak 2023rako ordenantza fiskalak eta prezio publikoak aldatzeko proposamenak aurkeztu ditu
2022/07/26 eta kitto!
Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Ogasun zinegotzi eta Udal Talde Sozialistaren bozeramaileak 2023rako ordenantza fiskalak eta prezio publikoak aldatzeko proposamenak aurkeztu zituzten barixakuan egindako prentsaurrekoan. Udal-gobernuak 2013az geroztik egin duen bezala, 2023rako ere udal-zergak izoztearen aldeko apustua egin du. Agerraldian esandakoaren arabera, hala jakinarazi diete oposizioko talde politikoei, gaur arratsaldean egingo den Osoko Bilkuran onartzeko asmoz. Gaur egungo egoera ekonomikoaren aurrean erantzukizunez jokatu nahi dutela adierazi zuen alkateak: “Eibarko herritarrak eta sektore ekonomikoak jada nabarmen jasaten ari baitira prezioen igoeraren ondorioak; eibartarren eros-ahalmenean eta haien negozioen kostu finkoetan eragina izaten ari den igoera. Udal-zergak ez igotzearen helburua inflazioa ez jasanaraztea da, nahiz eta Udala ere nabaritzen ari den haren eragina. Horrek behartzen gaitu eskuragarri ditugun baliabideak eraginkortasun handiagoarekin gestionatzera, eta seguru nago kapaz izango garela”.

Proposamenean jasotako aldaketa nagusien xehetasunak azaldu zituen jarraian Telleriak, jarraian zehazten diren bezala:

Bizitegi-sektorean eta sektore tertziarioan efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriak ezartzeko proposamena

2020ko martxoan, Eibarko Udalak bat egin zuen “Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna”rekin. Ekimen horrek 57 herrialdetako 7.000 toki-erakunde baino gehiago biltzen ditu, eta partaideek beren borondatez hartzen dute konpromisoa Europar Batasuneko klimaren eta energiaren arloko helburuak ezartzeko. Hala, Udalak konpromisoa hartu zuen europar helburu hau lortzeko: berotegi-efektuko gasen isuriak %40 murriztea hemendik 2030era bitartean, eta klima-aldaketaren aurkako ekintzak sustatzea eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko neurriak garatzea.

Hortaz, helburu horiek betetzeko, Udalak hainbat mekanismo jarri behar ditu martxan “efizientzia energetikoa sustatzeko eta bizitegien sektorean eta sektore tertziarioan energia berriztagarriak ezartzeko”.

Beraz, Udalak hartutako konpromisoak betetzeko, eta EBk berotegi-efektuko gasak murrizteko proposatutako helburuak lortzeko zerga egoki eta eguneratua aplikatzeko Udalak duen obligazioa betetzearren, proposatzen da Ordenantza fiskal batzuk aldatzea.

Zehazki, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan, proposatzen da %95eko hobaria aplikatzekoak diren energia berriztagarri motak zabaltzea, eta ez mugatzea eguzki-energiara  —indarreko Ordenantzan jasota zegoen bezala—, baizik eta gainerako energia berriztagarriei ere aplikatzea.

Ekonomia Jardueren gaineko Zergari dagokionez,  kuotaren %50erainoko hobaria sartzen da udal-kuotagatik zergak ordaintzen dituzten subjektu pasiboentzat,  baldin eta energia berriztagarriak edo kogenerazio-sistemak aprobetxatzeko instalazioetatik energia erabiltzen edo ekoizten badute.

Azkenik, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, proposatzen da %50eko hobaria aplikatzekoak diren energia berriztagarri motak zabaltzea eta ez mugatzea eguzki-energiara —dagoeneko indarreko Ordenantzan jasota baitago—, baizik eta gainerako energia berriztagarriei ere aplikatzea.

Bide publikoa mahai eta aulkiekin, salgai dauden produktuekin edo bestelako elementu osagarriekin erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal-ordenantza aldatzea

Osasun-krisia dela-eta baimena eman zitzaien ostalaritza-establezimenduei aparkalekuetan terrazak jartzeko. Halako okupazioa ezinezkoa zen ordura arte; hala ere, aipatutako arrazoiagatik baimendu ziren, eta, gaur egun, haietako batzuk mantendu egin dira.

Hori dela eta, beharrezkoa da Ordenantza aldatzea terrazen okupazio-modalitate berriari dagokion tasa sartzeko. Horren prezioa terraza egonkorren prezioarekin parekatzen da, eta ulertzen da “terraza egonkorren kasuan bezala, espazioa kolonizatzen dela, eta, horregatik, moduluaren prezioak egunero muntatzen eta desmuntatzen diren terrazen prezioa baino handiagoa izan behar duela”, adierazi zuen Telleriak. Gainera, aldaketa bat egitea proposatzen da, terrazak okupatzeko aldia amaitu aurretik alta- eta baja-kasuetan eska daitezkeen zenbatekoak nola kalkulatu argitzeko, eta, horrela, proportzionaltasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioa betetzeko.

Bestalde, eta nahiz eta ez den 2023ko tasak aldatzeko prozesu honen xedea, alkateak adierazi zuen gaurko Osoko Bilkuran eztabaidatuko dela  %100eko hobariak ematea (edo, bestela esanda, ordainketatik salbuestea) ostalariek bide publikoa  urtarrilaren 1etik martxoaren 15era bitartean okupatzeagatik ordaindu beharko zuketen tasan, alegia, ostalaritzako establezimenduek Covid-19a dela-eta izan zituzten murrizketa handieneko epean.

Zerbitzuak emateagatik edo udal-jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko Prezio Publikoak arautzen dituen Ordenantza aldatzea

Eibarko Udalak Errebalgo funtzio anitzeko eta kultur ekipamenduko eraikina ireki du. Ekipamendu horrek balio anitzeko bi areto ditu eraikinaren lehen solairuan, 433 metro koadroko azalerarekin, eta bi gela, bainugela, biltegi bat eta komunikazio-gune bat. Halaber, ekipamenduak esparru estali bat du eszenatokiarekin, harmailekin eta publikoarentzako tokiarekin. Bertan, txarteldegiari lotutako kultur jarduerak antola daitezke, hala nola kontzertuak eta espazio ez-konbentzionala eskatzen duten antzerki-emanaldiak.  Esparru horren edukiera 1.760 pertsonakoa da gehienez ere, proiektuak azaltzen duen bezala.

Espazio horiek Eibarko Udaleko hainbat sailek eta kultura-, kirol- eta gizarte-elkarteek sustatutako jarduerak eta bilerak garatzeko pentsatuta daude.

Errebalgo funtzio anitzeko kultura-ekipamenduko eraikinaren espazio horien helburuak betetzeko, eta gune horietan txarteldegiari lotutako eta partikularrek erabil ditzaketen jarduerak sartu ahal izateko, honako hauek proposatzen dira:

Alde batetik, Ordenantzaren edukiera handiko ekipamenduetako ikuskizunen atala (Kiroldegia eta Astelena frontoia) aldatzea, non Errebal Plazia sartuko den, eta, bestetik, lokal soziokulturalak alokatzeko aukera emango duen atal berri bat sartzea, “Errebalgo gelak” epigrafearekin.

Portaleko gelekin gertatzen den bezala, tasa hau ordaintzetik salbuetsita egongo dira Udal Intereseko Elkarteen Erregistroan inskribatutako irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeak eta onura publikokotzat jotakoak.