Udal gobernuak Errebal berrirako dituen asmoen kontra azaldu dira EAJ-PNV, Bildu eta Errebal Plataforma

Udal gobernuak Errebal berrirako dituen asmoen kontra azaldu dira EAJ-PNV, Bildu eta Errebal Plataforma
2020/09/18 eta kitto!
Gaur egun Merkatu Plazan dauden saltoki guztiek Errebal berrian tokia izateko “mekanismoak bideratzea” exijitu dio Eibarko EAJ-PNV udal taldeak PSE-EEren udal gobernuari. Errebalen egiten ari diren erabilera anitzeko eraikinerako udal gobernuak aurreikusten dituen erabilerak “beste behin” aurkeztu eta gero hala eskatu dute jeltzaleek. Azpimarratu dutenez, Errebal berrian gaur egun Merkatu Plazan martxan dauden saltoki guztientzat tokirik egon ezean, “ondorio politikoak” egongo dira. Udal gobernuak aurkeztutakoaren harira adierazi dutenez, “ozpinetakoak saltzeko postu bat izango da berritasun nagusia merkatu berrian. Gainera arraindegi bakarrarentzat tokia aurreikusi dute, nahiz eta gaur egun Rialton bi arraindegi egon eta inbertitzaile berriren bat agertuko balitz, gainera, ez lukete lehentasunik izango. Beraz, bi arraindegietako bat kanpoan geratuko litzateke, edo baliteke biak kanpoan geratzea. Rialton dagoen okindegi-kafetegiak ere beste negozio batzuekin lehiatu beharko luke nahitaez, eta baliteke tartean izoztutako ogia ekoizten duten industria taldeak egotea. Etorkizun beltzagoa dauka aterkinak konpondu eta saltzeko betiko postuak, bere ordez ozpinetakoak saltzeko denda zabaltzeko asmoa baitu udal gobernuak”. Gauzak horrela, sozialisten jarrerarekin “guztiz harrituta” daudela gaineratu dute EAJ-PNVko ordezkariek. Bestalde, udal gobernuaren planak baserritarrak bakarrik lagatzen dituela irizten diote: “Ekoizle berriei, batez ere Eibarkoei ateak zabaltzearen alde gaude gu ere, baina beti ere bizitza osoan euren produkturik onenak plazara ekarri dizkiguten baserritarrei tokirik kendu gabe”. Josu Mendicute EAJ-PNVko udal taldeko bozeramailearen ustez, “baserritarrek eta plazan saltokiak zabalik dauzkatenek ematen diote benetako balioa merkatuari. Horrenbeste urtetan erabat alboratuta egon arren oraindik ere merkatuari eusten dauden horiek albo batera lagako dituen Merkatu Plazarik ezin dugu ulertu”.



EH Bilduko ordezkariek ere euren desadostasuna azaldu dute, “Errebalerako PSOEk duen proposamena” ez dutela onartuko gaineratuta. Adierazi dutenez, “baserritarren, 7 postu finkoen eta ostalaritza zerbitzuaren pleguak aztertu eta gero, EH Bildu ez dago batere ados PSOEk Errebalentzako egindako planteamenduarekin. Zonalde kulturalari dagokionez ere, ez dugu onartuko parte-hartze ariketetan ateratako ondorioak leuntzea. Kilometro zeroa dute ahotan baina non geratu da beraien planteamenduan? Rialtoko “behin-behineko” plazan dauden baserritar guztiek izan beharko dute lekua Errebal eraikin berrian. Baina ez hori bakarrik, planteatzen dituzten 7 postu finkoek ere kilometro zero bereizgarria izatea derrigorrezkoa da EH Bildurentzat. Postuetako bat adibidez, arraindegia izango da, nola ez zaio eskainiko lehenago Rialton 15 urtetan zehar itxaron duen arraindegiari? PSOEk erantzukizun morala izan beharko luke honekin”. Eta, horrekin batera, espazio berria “traktore, berritzailea eta erakargarria izateko” dinamizatzaile sozio-kulturala kontratatu behar dela argi daukate.

Errebal Plataformakoen haserrea

Udal gobernuak Errebal berrirako dituen asmoen berri izan dute baita ere Errebal Plataformakoek eta, jeltzaleek egindakoaren bidetik, hauek ere exijitu dute orain arte eutsi duten postu guztiek Errebal berrian lehentasuna izatea. Haserre bizian daude, gainera, gune berria nola dinamizatu zehazteko 2013an eta iaz egin ziren parte-hartze prozesuetan, herritarrek ez zutelako inondik inora proposatu gaur egun martxan dauden postuak kanpoan lagatzea: “Legez, inolako eskubiderik ez dutela eta, beraz, Udalak hori betetzeko obligaziorik ez duela esan dute”. Horren aurrean, Plataformakoek uste dute “eskubide morala badutela, baldintza eskasetan 13 urte hor egoteak abala ematen die-eta”.