Udal zergen inguruko akordioa adostu dute Eibarko PSE-EE, EAJ-PNV eta EH Bildu alderdiek

Udal zergen inguruko akordioa adostu dute Eibarko PSE-EE, EAJ-PNV eta EH Bildu alderdiek
2021/10/07 eta kitto!
Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Ogasun zinegotziak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Ogasuneko Lan Batzordea amaitu berritan, 2022ko Ordenantza Fiskalak onartzeko prozesuan izandako negoziazioen balorazioa egiteko eta horien emaitzen berri emateko. Bertan, alkateak nabarmendu du pozik dagoela negoziazioak nola egin diren ikusita eta, nola ez, negoziazioen emaitzekin. Izan ere, hiru talde nagusien artean akordioa lortu dute eta, horri esker, bederatzigarren urtez jarraian ez dute tasarik igoko. Halaber, alderdien arteko bileretan nagusi izan diren akordioak lortzeko borondatea aitortu nahi izan ditu Iraolak.
Eibarko EAJ-PNVrekin eta Eibarko EH-Bildurekin lortutako akordioak, halaber, Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) %50eko errekargua kentzea ekarriko du, etxebizitza hutsak justifikaziorik gabe mantentzen dituzten jabeak birritan ez zigortzeko hartutako konpromisoarekin bat etorriz. Izan ere, ekainean indarrean sartu zen eta aplikagarria da ekainaren 8ko 149/2021 Dekretua, jenderik gabeko etxebizitzari buruzkoa eta Eusko Jaurlaritzak emandako funtzio soziala betetzeko neurriei buruzkoa.
Ana Telleria Ogasuneko zinegotzi eta PSE-EE udal-taldeko bozeramailearen hitzetan, kanona martxan jarri aurretik, behar bezala jakinaraziko zaie jabeei nolako eragina izan dezakeen horrek, baita etxeak merkaturatzeko dauden programak eta horien abantaila fiskalak zeintzuk diren.

Hiru talde nagusiek, gainera, beste aldaketa batzuk ere adostu dituzte, hala nola gure baserritarrek merkatu berrian ordaindu beharko duten tasa (15 euro hilean) edo irabazi-asmorik gabeko elkarteen udal-erregistroan izena emanda dauden elkarteek Coliseoko aretoak erabiltzeagatik inolako tasarik ordaindu behar ez izatea, eta inskribatuta egon ez arren eibartarrak diren edo Eibarren jarduten duten pertsonek, gaur egun indarrean dagoen alokairua baino 300 euro gutxiago ordaindu ahal izatea.
Era berean, 2022rako Ordenantza Fiskalak eta Prezio Publikoak onartzeko osoko bilkura berezian, hilaren 14an, Udal Euskaltegiko tasen aldaketak onartuko dira, garrantzi txikiagoko beste batzuez gain (horri esker, ikasle guztiei aurrez aurreko eskolak jasotzeko aukera emango zaie, eta, ezinezkoa zaienean, sarrera horiek online eta autoikaskuntza klaseekin konbinatuko dira, eta, horrela, zerbitzu osoa emango zaie).
Azkenik, eta legezko eragozpenengatiko tasetan islarik izango ez duen arren, Eibarko PSE-EEk, Eibarko EAJ-PNVk eta Eibarko EH Bilduk hitzartu dute OHZren ordainketari aurre egiteko zailtasunak dituzten eibartarrei laguntzeko diru-laguntzen lerro bat aztertzea, Udal Aurrekontuen testuinguruan abian jartzeko.