Urriko Iraultzari buruzko Jesus Gutierrezen hitzaldiaren bideoa ikusgai jarri du Ego Ibarrak

Urriko Iraultzari buruzko Jesus Gutierrezen hitzaldiaren bideoa ikusgai jarri du Ego Ibarrak
2022/04/01 06:11
eta kitto!
Jesus Gutierrez historialari eibartarrak ‘Urriako Iraultza Eibarren: 1934ko urriaren 5eko gertakariak’ hitzaldia eskaini zuen Armeria Eskolan, Eibar herriaren 675. urteurrenaren harira egindako ekitaldien barruan. Orain, Ego Ibarra batzordeak bere YouTubeko kanalera igo du hitzaldiaren bideoa. Hitzaldia gazteleraz egin zen, baina bideoak euskarazko azpitituluak ditu.

Ego Ibarrak azaltzen duenez, “1934ko urriaren 5ean Gobernuaren kontrako iraultza bat gertatu zen. Espainia osoan altxatzekoak ziren, baina azkenean Asturiasko meatzetan, Katalunian, eta Eibarren izan zuen indar handiena. Euskadin, Eibarren izan ziren gertaera latzenak, Arrasaterekin batera. Gure herrian iraultzak garrantzi handia izan zuen; 23 eskuadra zeuden matxinadan parte hartzeko gertu, eta haietako bakoitzean hamar pertsona zeuden bi agintariren mende”.

Jesús Gutierrezek, ‘La insurrección de octubre de 1934 y la II. República’ liburuan, balantze gisa, hauxe aipatzen du: “Eibarren zazpi hildako eta zauritu ugari izan ziren, 300 bat atxilotu, eta askok Frantziara eta Errusiara erbesteratu behar izan zuten. Udaletxean egin zizkieten tortura gogorrak jasan ondoren, parte hartu zutenetako askok hamasei hilabete eman zituzten Iruñeko kartzelan (238 auzipetu Udal Artxiboko datuen arabera). Hauteskundeen ondoren, 1936ko otsailean, gobernuak amnistia bat dekretatu zuen, eta iraultza armatuan parte hartu zutenak libre geratu ziren”.