Pradoko Museoko artelan esanguratsuenak egongo dira ikusgai Untzagan bihartik aurrera

Pradoko Museoko artelan esanguratsuenak egongo dira ikusgai Untzagan bihartik aurrera
2019/07/07 eta kitto!
Velazquez, Goya, Tiziano, Caravaggio, El Bosco, Rembrandt eta beste hainbat margolari handiren lanak egongo dira ikusgai Untzagan bihartik hilaren 28ra. Pradoko Museoko paretetatik jaitsi eta Eibarrera egingo dute bidaia, artelanak herritarrengana hurbiltzeko asmoz. Madrilgo museoko 50 pieza esanguratsuenak jarriko dira herriko kaleetan eta artearen historian zehar ibilbidea egin ahal izango da.

Pradoko Museoak 200 urte bete ditu aurten eta hainbat ekintza egiten dihardu museoa herritarrengana hurbiltzeko. Besteak beste, museoko pieza garrantzitsuenak Cuba, Nicaragua, Panama, Costa Rica, Bolivia, Peru, Paraguay, Filipinak, Amerikako Estatu Batuak, Ekuatoreko Ginea eta Espainiako hainbat udalerritara eraman dituzte (Jerez, Cartagena, Elx, Albacete, Zamora eta Palencia). Orain Euskal Herrira iritsi dira, Eibarrera hain zuzen ere. Untzagak ‘Pradoko Museoa kalean’ izeneko erakusketa jasoko du hiru astean, “museoak dituen margolaritza-bilduma aberatsen arteko bidaia birtuala”, antolatzaileen berbetan.

Pradoko Museoa Espainia eta Europako museorik garrantzitsuenetarikoa da. 1819ko azaroaren 19an sortu zen Margoen Museo Erreala izenarekin eta 1920an hartu zuen gaur egungo izena. 5.000 margolan, 2.000 grabatu eta 70 eskultura inguru ditu. Eta Espainiaren, Europaren eta mendebaldeko artearen historiaren erakusgarri da, XII. mendetik XX. mende hasierarainoko lanak jasotzen dituelako. 2018an 2.892.937 bisita jaso zituen, baina eibartarrek ez dute ilararik egin behar izango, plazara ekarriko dituztelako Juan de Villanuevak egindako eraikinean egon ohi diren artelanak.



 

Tamaina errealeko argazkiak

Artearen historia eta Pradoko Museoaren aberastasun artistikoa ezagutaraztea da Eibarren egingo den erakusketaren helburua. Museoko bildumetako 50 lan esanguratsuenen argazkiak egongo dira ikusgai Untzagan 1/1 eskalan, hau da, tamaina errealean. “Museoko koadroen aurrean egotea bezala izango da, koloreen aberastasunaz, pintzelada sutsuez, argi-joko bikainez eta margoetan dauden aurpegi liluragarriez gozatzeko aukera edukiz”, Miguel Falomir Pradoko Museoko zuzendariaren berbetan.

Artearen inguruko ezagutza bultzatu eta Pradoko Museoan dauden lanak ezagutarazteko asmoz, Untzagan ikusgai egongo diren lanek koadroen inguruko informazioa jasotzen duten kartelak izango dituzte alboan, eta museoaren historiaren eta bertan aurkitu daitezkeen kolekzioei buruzko informazioa ere emango dute. Gainera, bisita gidatua, hitzaldiak eta bestelako ekintza dibulgatzaileak egingo dira erakusketaren aukera hezigarriak bultzatzeko asmoz.



Lau margo-eskola

Erakusketa lau zatitan banatuko da: Espainiako pintura, Italiakoa, Flandriakoa eta beste eskoletakoak. Espainiako pintura da Pradoko Museoan ondoen ordezkatzen den margo-eskola. “Logikoa dena”, Pradoko Museoko prentsa oharrak adierazten duenez. Bilduma honek 5.000 artelan inguru batzen ditu eta horietako 23 ikusiko ditugu Eibarren. Grekoa, Goya, Zurbaran, Velazquez, Murillo eta Sorollaren lanak ekarriko dituzte Untzagara, besteak beste, XII. mendetik XIX. mendera arte estatuko artistek estilo ezberdinetan (gotikoa, neoklasikoa, pintura soziala...) egindako lanak erakutsiz, Urrezko Mendea barne (XVII. mendea). Batzuk aipatzekotan: ‘Meninak’ (Velazquez), ‘Maja biluzia’ (Goya), ‘Saturno bere semea iresten’ (Goya) eta Hirutasun Santua (Grekoa).

Italiako eskolak toki garrantzitsua du Pradoko Museoan. “Artelan kantitateagatik eta euren kalitatearengatik museoko bigarren bilduma nagusia dela esango genuke”, museoko arduradunen berbetan. Artelan gehienak Espainiako mugetatik kanpo lortu zituen museoak, Espainiako erregeen enkarguz. Trecentoa (XIV. mendea) eta Quattrocentoa (XV. mendea) dira bilduman gutxien ordezkatuta dauden sasoiak, baina Fra Angelico, Botticelli, Antonello da Messina eta Mantegnaren koadroak daude. Cinquecentoari (XVI. mendea) dagokionez Rafaelen eta Correggioren margoak daude, baina Veneziako pinturak du ordezkaritza nagusiena Tintoretto, Veronese eta, batez ere, Tizianorekin. Bere margoek Espainiako margolaritza baldintzatu zuten. Bestetik, Italiako pintura barrokoak ere hainbat ordezkari izango ditu Eibarko erakusketan: Caravaggio, Gentileschi eta Tiepolo.

 

Italiako pinturek Pradoko Museoan duten garrantziaren antzeko mailan jarri daitezke Flandriako eskolako artelanak. Carlos I.a errege bihurtu zenean Herbehereak Espainiako koroaren menpe geratu ziren eta hango margolanek monarka espainiarrak erakarri zituzten Van der Wyden, Campin eta Memlingen lanak eskuratzeraino. Felipe II.a erregeak Boschen lan asko bildu zituen eta baita Patinir, Bruegel ‘Zaharra’ eta Antonio Moro erretratugilearenak ere. Gainera, Rubens, Van Dyck eta Jordaensen lanak ere ikusgai daude.

Azkenik, Untzagako erakusketak beste eskola batzuetako margolarien hainbat lan ere jasoko ditu: Poussinen ‘Parnaso’, Dureroren autoerretratua eta Rembrandten ‘Judit Holfernesen otorduan’.