Produkzio ekologikoari buruzko informazio-gunea zabalduko dute Untzagan

Produkzio ekologikoari buruzko informazio-gunea zabalduko dute Untzagan
2019/09/19 eta kitto!
Debabarreneko VIII. Aste Ekologikoaren harira antolatu duten egitarauaren barruan, gaurtik hasita eta domekara arte, Untzagan produkzio ekologikoari buruzko informazio-gunea zabalduko dute. Edukiontzi itxurako gune horrekin herritarrei gaiari buruzko ikuspegi globala gerturatu nahi diete. Asmo horrekin, inguruan hainbat kartel egongo dira, informazioarekin. Eta barruan, berriz, ekoizpen ekologikoaren inguruko show-cookinga, dastaketa eta jolasak egingo dituzte. Gaur eta bihar 16:00etatik 20:00etara zabalduko dute eta zapatuan eta domekan, berriz, 10:00etatik 14:00etara.

Azoka Ekologikoa domeka goizean

Domeka goizean, berriz, Azoka Ekologikoa egingo dute Untzagan, 10:00etatik 14:00etara. Udalak, Debemen eta Biolur elkarteekin batera antolatu duten ekimenak gure inguruko baserrietan ekoiztutako produktu ugari gerturatuko dizkigu, azokan parte hartuko duten 30 bat saltokietan. Eibar, Elgoibar, Itziar, Mutriku, Aretxabaleta, Zumaia, Aia, Abadiño, Arrasate, Urretxu, Antzuola, Zestoa, Hernani, Olaberria, Tolosa, Azkoitia, Mañaria, Zarautz, Beriain, Leintz Gatzaga, Falces eta Zamorako ekoizleak elkartuko dira asteburu honetan egingo den azokan. Salduko dituzten produktuen artean, besteak beste, gazta, ogia, barazkiak, arropak, arrautza ekologikoak, mermeladak, eztia, lekaleak, kontserbak, sagardoa, olioa, berakatzak, pasta eta algak aipatu daitezke. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, azokan salgai ipiniko dituzten produktu guztiak modu ekologikoan eta artisau eran hazi eta ekoiztutakoak izango dira, hau da, “natura, animaliak eta gizakiak errespetatuta, horien osasunari kalte egin barik”. Azokari esker ekoizleek euren produktuak zuzenean kontsumitzaileei saltzeko aukera izango dute eta erosleek, berriz, produktuen inguruko informazioa ekoizleen ahotik jasotzeko modua. Azokaren inguruan, bestalde, hainbat jarduera osagarri prestatu dituzte: bertoko produktu ekologikoen dastaketa, jolasak, informazio postuak, atseden gunea, musika eta jai giroa, zozketak…

Baserrietara bisitak doan

Horrekin batera, eta aurreko urteetan egindakoari jarraituz, Eibar eta inguruko baserriak ezagutzera joan nahi dutenentzat doako bisita gidatuak antolatu dituzte. Lehen irteera martitzenean izango da, 18:00etan hasita: parte hartzera animatzen direnak Elgoibarko Txillarre baserrira joango dira, hango baratzezaintza ekologikoa bertatik bertara ezagutzera. Eta bigarren irteera eguenean egingo da, 18:00etatik aurrera: izena ematen dutenek Eibarko Itturrua Goikoa baserrira joango dira, hango abeltzaintza ekologikoa gertutik ikusi eta horri buruzko azalpenak jasotzera. Batean zein bestean parte hartu nahi izanez gero aurretik izena eman beharra dago, Biolur elkarteko 943761447 telefono zenbakira deituta.