Saio berezia antolatu dute Sare eta Etxeratek barixakurako

Saio berezia antolatu dute Sare eta Etxeratek barixakurako
2020/03/25 13:32
eta kitto!
COVID-19ak eragin duen konfinamendu egoera dela eta, euskal presoen senideak ezin daitezke espetxeetara bisitan joan eta, horren aurrean, ekimen berezia antolatu dute Sare eta Etxerat kolektiboek barixakurako. Azaldu dutenez, “arratsaldeko 19:00etan on line emitituko den saio berezia antolatzen ari gara. 30 minutu inguruko iraupena izango duen saio honetan, besteak beste, hainbat senidek bizitzen ari diren egoeraren inguruan euren esperientzia partekatuko dute etxetik eta, horez gain, kultura munduko hainbat kidek euren elkartasun mezuak helaraziko dituzte eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, berriz, irakurketa labur bat partekatuko du”. Saioa Sareren Facebookean emitituko da, 19:00etatik aurrera, baita Hamaika Telebistan ere. Ondoren, 19:30etatik aurrera, herritarren txanda izango da: “Etxetik senideei gure goxotasuna transmititu eta salbuespen legediarekin amaitzeko aldarriak sareetan zabaltzeko deia luzatzen dugu. Aldarri, mezu, marrazki... bat papelean idatzi eta argazkia egitera gonbidatzen ditugu herritarrak, ostean, euren sare sozialetan #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolak erabiliz partekatzeko. Bestelako bideo, abesti, bertso, dantza erakustaldi... egitera animatzen den oro ere, bere goxotasuna eta aldarria zabaltzera animatu nahi dugu”.