San Andres elizara bisita gidatua egingo dute martitzenean

San Andres elizara bisita gidatua egingo dute martitzenean
2019/03/25 07:00
eta kitto!
Ikasten elkartekoek antolatuta, bihar 10:00etan eibartar guztiei San Andres eliza barrutik ondo ezagutzeko aukera emango dien bisita gidatua egingo dute. Artearen Historian doktore den Satur Peña Puente eibartarraren eskutik egingo da bisita. Izan ere, historialariak ondo baino hobeto ezagutzen du San Andres eliza, orain dela urte batzuk horren inguruko ikerketa lan sakona egin baitzuen.

Ego Ibarra batzordeak 2008an kaleratu zuen Satur Peña ikerlariaren “San Andres de Eibar” liburua, Garay argazkilari entzutetsuak 1985ean atera zituen argazkiekin lagunduta. Liburu horretan, ondo jorratutako bost kapitulu sakonetan, San Andres elizaren zertzelada guztiak daude jasota: atarikoak Historian zehar Elizak hiribilduen fundazioan izan duen zerikusia eta zeresana jasotzen du; hurrenak, gure herriko elizaren sorrera eta izan dituen eraberritze eta haunditze guztiak; hirugarrenak, eibartarrondako ezezagunenak diren estilo arkitektonikoa eta klabeak; laugarrenak, erretaula nagusiaren historia; eta azkenak erretaularen programa ikonografikoa eta analisi estilistikoa biltzen ditu. Liburuaren hariari tiraka, Ikastenek orain eskaintzen duen aukera paregabeari esker, gure herriko elementurik garrantsitsuena gehien aztertu duen pertsonaren eskutik ezagutu ahal izango dute bisita egitera animatzen diren guztiek. Parte hartzeko nahikoa izango da martitzenean 10:00etan elizako atean agertzea.