San Andres zaharren egoitzako lau zaintzaile, zaindu ezinik

San Andres zaharren egoitzako lau zaintzaile, zaindu ezinik
2021/05/28 eta kitto!
Arratsaldeko 20:00etako txaloak aspaldi isildu ziren eta isiltasun berdinarekin kaleratu dituzte urteetan zehar dena eman duten San Andres zaharren egoitzako lau zaintzaile. Eurak, ostera, ez dira isilik geratuko eta beraien eskubideen aldeko borroka hasi besterik ez dute egin, egoera salatzeko eta, ez bakarrik lana berreskuratzeko, baizik eta beti urratu zaizkien lan baldintza duinak izateko.

 

Politikariek hain gustokoa duten esaera parafraseatuz, azken aldian zaintza balioan jarri da. Galeriarentzat behintzat. Pandemiak agerian laga du zaintza lanak egiten dituzten pertsonen beharra eta balioa, eta hedabideetako titularretan laudoriozko berbak erabili dituzte langileak gogobetetzeko. Berbekin bakarrik, ostera, ezin da bizi, eta erresidentzietako langileen errealitatea ez da kaparik gabeko superheroien istorioa.

Pilar Pradak, Puri Dorronsorok, Josune Iriondok eta Mónica Merinok urteak daramatzate San Andres zaharren egoitzan lanean, “lankideen orduak petatxatzen”, Merinok dioenez. Hau da, hutsuneak betetzen (bajak hartzen direlako, oporrengatik, eszedentziengatik…). “Egun batetik bestera esaten ziguten hurrengo egunean noiz egin behar genuen lan. Batzuetan goizetik arratsaldera!”, diosku.

Opor barik eta zein egun eta ordutan lan egingo zuten jakin barik, telefonoari itsatsita bizi izan dira, lan egiteko deiaren zain. “Egoera horretan, egutegia zehazteko eskatu genuen eta 2019an Eibarko epaitegiko epaile batek gure aldeko irizpena eman zuen”, dio Merinok.

Sasoi hartan San Andres egoitza Eibarko Udalaren menpeko fundazio baten esku zegoen. “Uztaila inguruan enpresa komiteak esan zigun egoitza kudeatzen zuen enpresarekin egingo zuela berba, baina urtarrilera arte ezin izango zigutela egutegirik eman, orduan zehazten zutelako langile guztien egutegia. Bitartean, epaiak kontratu mugagabeko langileak izan behar ginela berretsi zuen”, jarraitzen du kontatzen.

2020ko urtarrilera arte egon ziren zain, baina ez zuten egutegirik jaso. Sasoi hartan Kabiak (Gipuzkoako zaharren egoitzak kudeatzen dituen Foru Aldundiak sortutako erakundeak) hartu zuen egoitza kudeatzeko ardura, baina aldaketak ez zuen langile hauen egoera konpondu. “Otsailean gutun bat jaso genuen, eta hainbat baldintza eskasen artean, kontratu mugagabetik lanaldi partzialeko kontratura pasatu nahi gintuzten”, azaldu digute zaintzaileek. Eskaintza honek albo batera lagatzen zuen epaileak esandakoa eta langileek uko egin zioten.

Egoera horren aurrean eta komitea enpresarekin negoziatzeko gai ez zela ikusita, lau langileek abokatu pribatua kontratatu zuten, bide berri bat hasteko. 2021eko apirilaren 7an epaiketa izan behar zuten, baina Kabiaren abokatua ez zen agertu. “Konfinatuta zegoela esan ziguten”, kontatu digutenez. Horrela, epaiketa atzeratu egin zen eta apirilaren 15ean Prada, Dorronsoro eta Iriondo kaleratu egin zituzten. “Esan zigutenaren arabera, eurek proposatutakoa onartzen ez genuenez eta guretako ordurik ez zutenez, kaleratu egin behar gintuzten”, diosku Iriondok. Bestetik, Merinori lankide baten lau hilabetetako eszedentzia betetzeko aukera eman zioten. “Baina lanera itzultzen den momentuan kalera joango naiz”, esan digu.

 

XIX. mendeko lan-baldintzak

Kaleratuek kaleratzeak inpugnatu dituzte, euren eskubideak aldarrikatzeagatik enpresak hartutako errepresalia dela uste dutelako. Gainera, erretxinduta daude, kaleratu diren hiru langileen postuetan jende berria sartu delako, nahiz eta kaleratuei esan eurendako ordurik ez zituztela. “Kontua da langile berrien lan-baldintzak Kabiaren neurrira egindakoak direla. %33eko lanaldiko kontratuak dituzte eta ordu solteak betetzeko kontratuak zabaltzen eta ixten dizkiete”, Merinok azaldu digunez.

Zaintzaleen abokatuaren berbetan, lau zaintzaileek XIX. mendeko lan-baldintzak izan dituzte. “Azpiegiturari dagokionez bai, garabiak eta horrelakoak ditugu. Ondo. Baina ez dugu inolako lan-egonkortasunik izan”, diosku Merinok. “Lan egindako orduen arabera kobratzen dugu eta horrek gure bizitza guztia baldintzatzen du; momentu batetik bestera deitzen digutenez, ezin dugulako planik egin”. Baldintza horren ondorioz, kudeatzaileek euren menpe izan dituzte langileak, eskainitakoa onartzea besterik ez zaielako geratzen. “Jan egin nahi baldin badugu, lan egin behar dugu, eta ez dugu beste aukerarik izan”, dio Iriondok. Eta lana eta familia bateragarri egitea? “Hori ez dakigu zer den ere!”, Merinok dioenez.

Baldintza eskasetan lan egin arren, lau langileen informeak oso positiboak dira eta euren lana modu onean egiten dutela jasotzen da bertan. “Jatorrak gara, egoiliarrak oso ondo ezagutzen ditugu eta pozik daude gurekin, lana ondo egiten dugu… eta kaleratu egiten gaituzte? Tira!”, kexatzen da Iriondo.

 

Euskararen aitzakia

Hau ez da zaharren egoitzetako langileek protesta egiten duten lehen aldia eta gure elkarrizketatuen susmoa da eurei gertatu zaiena edo antzerako jokabideak gertatzea ohikoa dela zaharren egoitza askotan. Horren adibide da Ego Gain gerontologikoko langileek urteetan egin duten protesta, besteak beste.

Txandatze ugari, epe-laburreko kontratuak, ezengonkortasuna eta langileak kaleratzeko mota askotako aitzakiak... “Guri gertatutakoa baino hilabete lehenago, urteetan zehar ordezkapenak egiten ibili izan diren langile batzuk kaleratu zituzten euskararen hizkuntza-ziurtagirik ez zutelako”, kontatu digu Iriondok. “Gero, ostera, jende beharra izan dutenean, berriz hartu dituzte eta orduan euskararen kontuari ez diote garrantzirik eman. Euskara aitzakia izan zen garbiketa egiteko”, bere iritziz.

Iriondo euskaldun zaharra da eta Merinok ahaleginak egin ditu euskararen ziurtagiriak lortzeko, baina urte hauetako lan-baldintzek ez diote prozesua erraztu. “Batetik, egutegirik ez dudalako eta ez dakidalako zehazki noiz joan naitekeen klaseetara. Batzuetan, klasea bertan behera laga behar dut azken orduan deitzen didatelako lan egiteko. Eta bestela, batzuetan lan egin ondoren oso nekatuta heltzen naiz klaseetara”, diosku. “Titulua ez izateagatik ez digute lan-baldintza duinak edukitzea lagatzen eta, era berean, zailtasunak jartzen dizkigute euskara ikasteko. Gurpil zoroa da”, bere iritziz.

 

Heroi izatetik, doilor izatera

COVIDaren pandemia gurera iritsi zenean, San Andres egoitzan boluntario bila ibili ziren eta Merinok bere burua aurkeztu zuen. “Ez nekien aurrean zer genuen eta egoiliar guztiak hilko zirela pentsatzen nuen. Gainera, familiatik urrun. Beraz, bertan egon nahi nuen, laguntzen”, diosku. “Dena eman nuen eta familien esker ona ezin da azaldu ere egin. Beste toki batzuetan demaseko esker ona eta aitortza ofiziala jaso dute zaintzaileek. Nik ez dut saririk nahi, baina gertatu zaigunak ez du hitzik”.

Iriondoren arabera, “pandemiaren zati gogorrenean langileei esker bideratu zen egoitzaren jarduna. Arrazoi batengatik edo bestearengatik (bata gaixo zegoelako, beste etxetik…), sasoi horretan ez genuen buruzagirik izan eta lana geure kabuz atera genuen aurrera”. Berak ere ez du bizkarrean kolperik nahi, baina uste du ez duela orain gertatu zaiona merezi.

Pandemiaren hasieran gerra egoeran baleude bezala diote eta langileek maila eman zutela uste dute. Merinok margolari batzuen bitartez babeserako jantziak lortu zituen, egoiliarren familien hutsunea betetzen saiatu ziren, batzuek eurekin pasatu zituzten bizitzako azken momentuak, eta abar.

Lau zaintzaileak lanean emandako maitasun guztia jasotzen dihardute euren egoeraren berri eman duten momentutik eta, gizarteaz gain, ingurukoak eta egoiliarren familiakoak harrituta daude bizi duten egoerarekin. “Gure egoera zaila izan arren, lana ahalik eta modurik onenean egiten jarraitu dugu”, dio Merinok, “lanbide hau bokaziozkoa izan behar da. Egoiliarrek bizitzaren azken uneak bizi dituzte egoitzan eta zoriona da eman ahal diegun gauza bakarra, bizi-kalitatea”.

San Andres zaharren egoitzako zaintzaile kaleratuak web1 Pilar Prada, Purificación Dorronsoro, Josune Iriondo eta Mónica Merino dira San Andres zaharren egoitzatik kaleratu dituzten lau zaintzaileak.