Seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko dirulaguntzak emango ditu Eusko Jaurlaritzak

Seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko dirulaguntzak emango ditu Eusko Jaurlaritzak
2021/02/11 eta kitto!
2020-2021eko ikasturtean 3 eta 14 urte bitarteko haurrak zaindu dituzten zaintzaileen kontratazioetan aplikatu ahal izango da dirulaguntza. Langileek kontratua izan beharko dute, eta enplegatzaileak Gizarte Segurantzan dagokion kotizazioa ordaindu beharko du.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak azpimarratu du orain arte 3 urtetik beherako seme-alabak zituztenentzat “antzerako” diru laguntza bat egon dela, baina COVID-19aren ondorioz familiek zailtasun handiagoak dituztela eta, beraz, “salbuespenezko diru laguntza ildo bat” markatzea aurreikusi dutela. Guztira, hiru milioi euro jarriko dituzte horretarako.

Eskaerak martxoaren 1etik ekainaren 30era bitartean egin beharko dira, baina ikasturte osoa hartuko da kontuan: 2020ko irailaren 1etik irailaren 30era bitartean eginiko kontratazioak, hain zuzen.

Laguntza horiek jasotzeko honako baldintza hauek bete behar dira: diru laguntza jaso nahi duenak kontratupean izan beharko du langilea, eta dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaindu beharko du. Hain zuzen, etxeko langileak Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean daude, baina sistema berezi bat dute. Enplegatzaileak, beraz, gizarte segurantzari ordaintzen dion kopuruaren %100 berreskuratu ahal izango du, baina errentak ere baldintzatuko du. Zehazki, 20.000 eurotik beherako errenta dutenei %100 ordainduko die Jaurlaritzak, eta handiagoa dutenei, %75era arte.