Soraluze Institutuko ikasleek irabazi dute Debabarreneko Euskararen Ginkana

Soraluze Institutuko ikasleek irabazi dute Debabarreneko Euskararen Ginkana
ETA KITTO 2019, Abe 09

Aurreko astean, eguaztenean jokatu zen Debabarreneko Euskararen Ginkanaren finala, Coliseo antzokian. Andrea Covadonga eta Andrea Garcia eibartarrek gidatutako finala girotzeko eta taldekideak animatzeko, talde finalista guztietako gelakideak egon ziren bertan, antzokia goraino beteta. Finalari hasiera eman aurretik, berdinketa hausteko proba bat gainditu behar izan zuten 4. postura berdinduta iritsi ziren Debako Sonakai eta Eibarko Urki taldeek eta, azkenean, Debako taldea sailkatu zen finalerako. Beraz, finalean lau talde hauek aritu ziren lehian: Martintxo Arrantzale (Deba), Ginkanklinak (Eibar), Soragarriak (Soraluze) eta Sonakai (Deba).

Finala hasita, lau proba burutu behar izan zituzten taldeek. Lehiaketaren lehen fasean, hizkuntza-ekologiaren eta hizkuntza aniztasunaren inguruan landu zituzten hainbat gairekin zerikusia zuten probak egin ziren. Horrela joan ziren puntuak irabazten eta, amaieran, talde bakoitzak eskuratutako puntuak zenbatuta, Soraluzeko Soragarriak taldea izan zen aurtengo irabazlea. Ikas-bidairako 800 euro eskuratu zituen talde txapeldunak. Beste hiru taldeak, puntutan berdinduta geratu zirenez, bigarren saria (200 euro), hirugarrena eta laugarrena (100 euroko bi bono Eibar  Merkataritza Gune Irekiko dendetan gastatzeko) denen artean banatzea erabaki zen.

Kutxa Ekogunearen Euskararen Ginkana, euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa da. Debabarreneko lehen edizio hau Deba, Eibar, Elgoibar, Mutriku eta Soraluzeko udalen eta Eibarren Akebairen babesarekin burutu da eta Euskaltzaleen Topagunea aritu da koordinazio lanetan, Kutxa Ekogunearekin batera. 21 ikastetxe edo taldek hartu dute parte, guztira DBH 4. mailako 130 ikasle inguru. Internet bidez egin zituzten lau proba lehen fasean eta puntu gehien lortu zituzten lau taldeak pasatu ziren finalera.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »