Txikipedia aplikazioa sortu du Euskarazko Wikipediak

Txikipedia aplikazioa sortu du Euskarazko Wikipediak
2021/03/26 eta kitto!
Aste honetan aurkeztu da ofizialki Txikipedia aplikazioa, eskola-umeentzat egokitutako Euskarazko Wikipediaren proiektuaren mugikorretarako bertsioa. Txikipediak egun dituen 3.000 artikulu baino gehiagoetara sarbidea ematen du aplikazioak, iOS eta Android bertsioetan.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) bultzatu du proiektua, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) koordinatu du, eta CodeSyntax enpresak egin du aplikazioaren kodeketa (Sustatu edo Egunean Behin egiten dituen enpresa eibartarra).

Aplikazioak gaien araberako nabigazioa eskaintzen du, edo bilaketa tresnaren bidezkoa. Terminoa ez bada artikulu batekin identifikatu, edukietan ere egiten du bilaketa; eta hor ere ez badago, aukera ematen du Euskarazko Wikipedia orokorrera joateko. Multimedia fitxategiak ere erreproduzitzen ditu aplikazioak, historiko bat gordetzen du, eta notifikazio sistema dauka (hautazkoa), Txikipediak nabarmendu nahi dituen artikuluen oharrak jasotzeko.

Txikipediak egunero 1.500 ikustaldi ditu bataz beste, 553.000 azken urtean. Aurreko urtean, 2019an, 355.000 izan ziren, egunean 968. Hau da, % 55 igo da ikustaldi kopurua urte batean. Igoeraren arrazoien artean daude gero eta jende gehiagok Txikipedia ezagutzea eta gero eta eduki gehiago izatea. Eguneraketak edo gehikuntzak gertatzen direnean Txikipedia, berehalakoa da aplikazioan edukia berregitea.

Txikipedia egokia da 8 eta 12 urteko eskola-umeentzat, eta baita haien gurasoentzat. Hain zuzen ere, kanpainan ari da EWKE hauen artean ere aplikazioaren erabilpena hedatzeko. Hona sustapenerako prestatu den bideoa.