“Txonta Berritzen” planeko parte-hartzaileen erdiak baino gehiagok enplegua lortu dute

“Txonta Berritzen” planeko parte-hartzaileen erdiak baino gehiagok enplegua lortu dute
2021/01/20 eta kitto!
Eibarko Udalak babestutako programa izan da, Armeria Eskolako Ikasle ohien Elkartearekin elkarlanean.

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, Eibarko Txonta auzoan langabezian edo lan prekarioan dauden biztanleei zuzendutako Enplegu eta Prestakuntza Planak aukera eman die lana lortzeko. Hamabost parte-hartzailetik zortzik (%53) enplegua lortu dute, eta beste hiruk (%20) aukera daukate sistema arautuan prestakuntza-ekintzak egiten jarrraitzeko.

“Txonta Berritzen” programa 2019ko ekainetik 2020ko uztailera bitartean gauzatu zen. Ekimenaren helburua enplegarritasuna eta ekintzailetza garatzea izan da, eta horretarako IKT teknologiak baliatu dituzte.

Planaren sustatzaileek uste dute aurrez ezarritako helburuak arrakastaz bete direla. Unean uneko egoerara egokitzeko gaitasuna erakutsi dute, eta parte-hartzaileen motibazioa bermatua egon da.

Lehenengo fasean, parte-hartzaile bakoitzari laguntza pertsonalizatua eman zitzaion, langabeen profilera egokitutako oinarrizko ezagutzetan trebatzeko eta, aldi berean, parte-hartzaile bakoitzaren tutoretza-lana egiteko. Jarraian, pertsona bakoitza Eibarko eta inguruko zentroetan bere beharretara eta gaitasunetara gehien egokitzen zen prestakuntzara bideratu zen. Azkenik, parte-hartzaileek prestakuntza amaitu ondoren, lana bilatzen lagundu zitzaien, horretarako tresnak emanez eta curriculuma diseinatuz edo norberaren profiletan interesa izan zezaketen enpresak identifikatuz.

Alberto Albístegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziaren hitzetan, "'Txonta Berritzen programarekin lortutako emaitzak oso positiboak izan dira. Gainera, laneratzeko profil zaila duten langabeen kolektiboa izanik, asebetetza are handiagoa da".

Eibarko Udalak Armeria Eskolako Ikasle ohien Elkartearekin batera sustatutako programa hau Txonta auzoa birgaitzeko abian dagoen proiektuan sartzen da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza baten bidez gauzatzen ari da, eta haren klausuletako batean jasotzen zen Udalak enplegu- eta prestakuntza-plan hori garatu behar zuela.