Udal aurrekontua onartzeko ados ipini dira PSE-EE eta Elkarrekin Podemos

Udal aurrekontua onartzeko ados ipini dira PSE-EE eta Elkarrekin Podemos
2020/01/21 eta kitto!
PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdietako udal ordezkariak 2020ko udal aurrekontuak onartzeko ados ipini dira, atzo bertan jakinarazi zutenez. Bien arteko bileretan, Elkarrekin Podemosek aurrekontuari aurkeztutako Mirabaso proiektuaren inguruko zuzenketa onartzea erabaki dute sozialistek, hori aurrekontuari gehituta. Horrela, Sakun eta Milaflores arteko lur-sailean hainbat ortu sortzeko proiektuari garatzeko bidea zabaldu diote. Horrez gain, berdintasunean eta arlo afektibo-sexualean hezitzeko eta ludopatiaren kontrako kanpainetan erabiltzeko 15.000 euroko partida gehitzea onartu dute sozialistek. Alkatearen berbetan, “herriarentzat onak diren akordioak lortzeko gure bokazioa berriz ere agerian geratu da. Nahiz eta Elkarrekin Podemosekin lortu dugun adostasun hau aurrekontua onartuko dela ziurtatzeko nahikoa ez izan, albiste ona da, alderdi biek legegintzaldiari jarrera positiboarekin ekin diogula erakusten duelako”. Isabel Fernandez Pejenaute Elkarrekin Podemoseko ordezkariak esan duenez, “hitzarmena sinatu aurretik, gure alderdikideei horren inguruan galdetu genien eta, %79k babestu zutenez, aldeko botua emango dugu”.