Udal aurrekontuko 800.000 euro inbertitzeko 149 proposamen jaso ditu Udalak

Udal aurrekontuko 800.000 euro inbertitzeko 149 proposamen jaso ditu Udalak
2018/07/23 eta kitto!
Eibarko Udalak aurten martxan ipini duen aurrekontu parte-hartzailearen barruan, herritarrek proposamenak aurkezteko epea amaitu zen uztailaren 13an eta guztira 149 proposamen jaso dituzte: Amañan, 20; Urkin, 16; Legarren, 9; erdigunean, 14; erdigune-ekialdean, 6; ekialdean, 23; Ipuruan, 32; eta beste bi baserri-auzoetan. Eibarrek gaur egun dauzkan 27.405 biztanletik 23.353k (%85) izan dute aukera parte hartzeko aukera, baina parte hartzera animatu direnak % 0,6 baino ez dira izan. Prozesuari esker 2018ko udal aurrekontuetako 800.000 euro nola inbertitu aukeratzeko bidea zabaldu diete eibartarrei. Kopuru hori biztanle-kopuruaren arabera banatu da herriaren zortzi populazio-guneen artean: ekialdea (119.571 €), erdigune-ekialdea (106.695 €), erdigunea (134.114 €), Legarre (76.071 €), Ipurua (102.055 €), Urki (103.461 €), Amaña (100.822 €) eta baserri-auzoak (55.524 €).

Aurrerantzean, proposamen guztiak banan-banan aztertuko dituzte, eta, jarraian, eibar.eus udal-webgunean emango dira ezagutzera, laburpen-taula batean. Horrez gain, proposamen onenak aukeratzeko bilerak egingo dira auzo edo gune bakoitzean, eta, bertan, proposamena aurkeztu duen pertsonak jendaurrean defendatu beharko du. Azkenik, Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan, egingo den bozketaren bidez zein proposamen gauzatuko diren erabakiko da.