Udalak aho batez onartu du presoen urruntze politikaren aurka Sarek aurkeztutako mozioa

0    Berriak, Politika 
Silbia
Udalak aho batez onartu du presoen urruntze politikaren aurka Sarek aurkeztutako mozioa
28 Eka
12:34

Gaur goizean, udaletxeko pleno aretoan egindako prentsaurrekoan, Sare kolektiboak presoen urruntze politikaren aurka aurkeztutako mozioa Eibarko Udal Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu duela eman du ezagutzera eta, jarraian, horren inguruko azalpenak eman dituzte Elena del Puerto eta Ixidro Gabirondo Sarekideek: “Eibarko Udalak, Espetxeen Lege Orokorrean askatasuna kentzeko zigorrak betetzean, deserrotzea saihesteko ezarritakoa kontuan izanik, zigor horien bergizarteratze printzipioen arabera, adierazten du ez dagoela ados urruntze espetxe-politikarekin. Alde horretatik, ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste du espetxe-politika berri bat behar dela, hain zuzen ere presoak zigorra gizarte eta familia erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu Ibon Muñoa Arizmendiarrieta preso eibartarrak bere senide eta inguru sozialarekin behar duen harremana”.

Sarek aurkeztutako mozioa onartu izanarekin pozik daudela adierazi dute: “Hasteko, esan PSE-EE, EAJ- PNV, EH Bildu eta Irabazik osatzen duten Eibarko Udaleko Bozeramaile Batzordeak Eibarko Sarek aurkeztutako mozioa onartu izana benetan pozgarria iruditzen zaigula eta, horrekin batera, txalogarria presoen urruntzearen aurka eta espetxe politika berri baten alde erakutsi duten jarrera. Guretzat hau oso garrantzitsua da, Udaletxeak direlako herritarrentzat instituziorik gertukoenak eta elkarbizitzarako eta bakerako gizartean espetxe politika hau aldatzearen alde dagoen kontsentsua instituzioetan irudikatzea behar beharrezkoa dela uste dugu. Bestalde, esan behar dugu Eibarren, Udaletik kanpo gure mozioak beste talde batzuen babesa ere jaso duela, hala nola alderdi politikoen artean Podemos-Ahal Dugu alderdiarena, CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuena, EGI eta Ernai gazte erakundeena eta Nalua Eibarko Talde Feministarena. Azken hauek, gainera, mozioa babesteaz gain, emakume presoekiko euren kezka azaldu nahi izan dute, emakumeak izateagatik are bakartuagoak, are isolatuagok daudelako”.

Onartu duten moziotik kanpora, beste bi eskaera egin dizkiete Udal talde guztiei: “Alde batetik Cordobako espetxera Eibarko Udal Ordezkaritza bat bidaltzea, bai espetxeko zuzendariarekin eta bai Ibon Muño berarekin bildu eta bere egoeraz mintzatzeko. Guretzat oso garrantzitsua da Espetxe Zuzendaritza Orokorra ohartaraztea Ibon presoaren eta espetxe politikaren inguruan Eibarren badagoela kezka bat, eta proposatzen duguna hori adierazteko modu oso egokia iruditzen zaigu. Eta bigarren proposamena Eibarren elkar-bizikidetza lantzearen ingurukoa da. Herri batzuetan ari dira esperientziak egiten, presoak, biktimak eta hain zailak eta mingarriak egiten zaizkigun beste gai batzuk pixkanaka jorratzen joateko, oso desberdin sentitzen garenok elkarrekin eseri eta lasai hitz egiteko, eta batez ere elkarri entzuteko. Horretarako foro bat, mahai bat edo dena delako bat behar beharrezkoa ikusten dugu eta hori martxan jartzea eskatzen diogu Udalari”.

IMG_9857

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »