Untzagako jubilatu etxekoek urte osorako jarduera eskaintza zabaldu eta hobetu dute

Untzagako jubilatu etxekoek urte osorako jarduera eskaintza zabaldu eta hobetu dute
2019/10/23 08:33
eta kitto!
Atzo aurkeztu zituzten Untzagako jubilatu etxekoek ohiko eskaintzari gehitu dizkieten jarduera berriak. Esandakoaren arabera, “gero eta bazkide gazteagoak dauzkagu eta, horregatik, eskaintza ere horien premietara egokitzen joan behar dela pentsatzen dugu”. Gauzak horrela, aurretik ematen zituzten Tai-chi eta Yoga klaseei Zunba klaseak gehitu dizkiete. Horrekin batera, ileapaindegi zerbitzuaz gain, martitzen goizetan podologia zerbitzua emango dute. Kultura orokorrean hobetu nahi dutenek ere horretarako aukera izango dute aurrerantzean eta ingelesa ikasteko martxan zegoen taldea, berriz, maila bitan (oinarrizkoa eta aurreratua) banatu dute. Aipatutakoez gain, teknologia arloko zalantzak argitzeko zerbitzua ematen hasiko dira eta bazkide nagusienentzat (80 urtetik gorakoentzat), berriz, bi tailer ipiniko dituzte martxan.

Urte osorako eskaintza horretatik kanpora, bestalde, azarorako egitarau berezia prestatu dute 85 urtetik gorakoak omentzeko asmoz: Nagusilan elkartekoek egiten dutenari buruzko hitzaldia emango dute (urriaren 30ean, 19:15ean) eta Koldo Saez psikologo eta idazleak sexualitateari buruzko hitzaldia emango du azaroaren 6an (19:15ean). Azaroaren 9an, 12:00etan, orain dela gutxi hil den Ricardo Diez Varela “Ritxar” gogoratzeko sukaldaritza txapelketa egingo dute, Untzagan. Parte hartzen dutenek berakatz-zopak bakailaoarekin (“Zurrukutuna”) prestatu beharko dituzte eta hiru bikote onenentzat sariak egongo dira. Azaroaren 15ean, berriz, moda desfilea egingo dute, Untzagako gitarra taldeko lau kideen emanaldiarekin lagunduta. Eta hurrengo egunean (azaroaren 16an) II. Poesia Derbia egingo da, Itzamnaren eskutik. Handik bi egunera (azaroaren 18an) Imanol Larrabeiti foball jokalari-ohiari eta margolariari eskeinitako erakusketa zabalduko dute (abenduaren 1era arte). Azaroaren 21erako, berriz, bingo berezia antolatu dute (16:00etan) eta azaroaren 23an hildako bazkideen aldeko meza ospatuko dute San Andres elizan, 12:00etan. Bertan Untzagako abesbatzak kantatuko du. Ondoren, Arratera joango dira, Kantabria jatetxean bazkaldu eta 85 urtetik gorako eta 100 urteko bazkideei omenaldia egiteko. Opariak banatu eta jarraian, dantzaldia egongo da. Eta hilabete osorako prestatu duten egitaraua agurtzeko, abenduaren 1ean, 12:00etako mezan, Untzagako abesbatzak kantaldia eskainiko du Karmengo Amaren elizan.