Urtarrilaren 31ra arte bilduko dituzte Sahararen aldeko XV. Euskal Karabanarako elikagaiak

Urtarrilaren 31ra arte bilduko dituzte Sahararen aldeko XV. Euskal Karabanarako elikagaiak
2019/01/14 eta kitto!
Aljerian, Tindufeko kanpamenduetan bizi diren errefuxiatuei laguntzeko asmoz Sahararen aldeko XV. Euskal Karabana: Piztu Itxaropena martxan jarri dute aurten ere Eibar-Sahara Elkartekoek. Aurreko urteotan egindakoaren bidetik, oraingoan ere elikagaiak eta premiazko beste produktu batzuk bilduko dituzte, urtarrilaren 31ra arte, ondoren saharar errefuxiatuen artean banatzeko. Eskatzen dituzten produktuak honako hauek dira: arroza, pasta, azukrea, lekaleak, atuna eta sardinak oliotan eta konpresak.

Eibarren, ikastetxeekin batera, honako hauek egin dute bat kanpainarekin: Villalba supermerkatuak, Isasi okindegiak, Eroskik (Urkizu, Urki eta Ipuruako dendek), BM-k eta El Corte Inglesak. Elgoibarren, berriz, Eroskik eta BM-k; Mendaron, Rotetak, Puxikak eta Coviranek; eta Deban, Eroskik. Lagundu nahi duenak aipatutako toki horietan laga ditzake eskatzen dituzten produktuak.

sahara karabanaOporrak Bakean poltsak

Horrez gain, Saharako kanpamenduetako umeak udan hemengo familietan hartzeko Oporrak Bakean proiektuarentzat dirua biltzeko asmoz, Oporrak Bakean poltsak ipini dituzte salgai, 7 eurotan. Erosteko interesa duenak, Eibar-Sahara elkarteko ordezkariekin kontaktuan ipini daiteke.

oporrak bakean