Xabier Aierdi, soziologoa: “Immigrazioak etorkizuneko errealitatea izaten jarraituko du”

Xabier Aierdi, soziologoa: “Immigrazioak etorkizuneko errealitatea izaten jarraituko du”
2022/12/16 eta kitto!
Eibarko Udaleko Gizartekintza saileko immigrazioaren arloak zurrumurruen aurkako prestakuntza saioak prestatu ditu datozen hilabeteetarako. Horrela, astelehenean Xabier Aierdi soziologoak ‘Migrazio prozesuak: zurrumurruak, pertzepzioak eta jarrerak’ izeneko hitzaldia eskainiko du 18:00etan Portalean; eta urtarrilaren 16an eta otsailaren 13an Amelia Barquinek eta Asier Gallastegik saio bana eskainiko dute, hurrenez hurren.

Migratzaileen Nazioarteko Eguna da gaur, abenduak 16, eta migratzaileen eta migrazio-prozesuen inguruan asko daki Xabier Aierdi soziologoak. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren sortzailea eta zuzendaria izan zen, 2003an sortu zenetik 2011ra arte, eta Begirune Fundazioko presidentea da gaur egun.

 

Zertaz jardungo duzu asteleheneko hitzaldian?

Hitzaldia bi zatitan banatuko dut. Lehenengo eta behin, immigrazioa bertako errealitate estruktural moduan aurkezten dut. Izan ere, immigrazioa dugu eta immigrazioa edukitzen izango dugu, etorkizuneko errealitatea izaten jarraituko duelako. Errealitate horretarako egokitu behar gara. Premia batzuk ditugu, premia horiek ezin ditugu beste era batera konpondu eta immigrazioaren bitartez emango diegu irtenbidea. Horrek guztiak erronka handi baten aurrean jartzen gaitu eta, immigrazioa gustatu ala ez, bertan izango dugu eta bizikidetzarako forma egokiak bilatu beharko ditugu modurik adeitsuenean eta emankorrenean.

Eta bigarren zatian zer aipatuko duzu?

Zurrumurruen eta estereotipoen garrantziaz jardungo dut, horiei nola egiten zaien aurre azaltzeko. Hori egiten dut aurreiritzien eta estereotipoen aurka egitea oso zaila dela ikusteko. Izan ere, jendeak gehiago jarraitzen ditu bere sinesmenak errealitateko datuak baino.

Esan duzun bezala, immigrazioa estrukturala denez eta etorkizunean jarraituko duenez, zurrumurruak ugariagoak dira edo gehiago elkarrezagutzeagatik murriztu egin dira?

Zurrumurruek hor irauten dute, ez dira aldatu ere egiten. Zurrumurruen materia beti izaten da nahiko antzekoa. Ezin dugu pentsatu jende gehiago etorri arren, automatikoki ikuspegia aldatzen denik. Hemen esaten diren gauzak munduko beste toki batean esaten direnen antzekoak dira. Mundu guztian metafora batek funtzionatzen du: “Hemen egon gara bertakook bazkari bat sortzen, eta halako batean agertu dira gonbidatu batzuk esaten dutenak eurak ere gose direla eta parte hartu nahi dutela”. Immigrazioa Troiako Zaldi bezala ikusten da, zuk landu duzuna hustutzera datorren hori bezala.

Zaila bada ere, nola egin diezaiekegu aurre zurrumurru eta aurreiritziei? Gutxienez, nondik hasi beharko ginateke?

Nire asmoa oso xumea izaten da. Zurrumurruen aurkako estrategiak ez dauka kutsu oso ideologikoa. Gehiago hurbiltzen gara pertsona batengana errealitate batzuk erakutsiz eta errealitate horien aurrean aldeko apustua egin dezatela da asmoa. Jendearengana xume joan behar zara ideia sinple batekin: “Zein abantaila ateratzen duzu txarto hitz egitetik?”, “zergatik tratatzen duzu jendea txarto?”, “zergatik diskriminatzen dituzu?”. Kontua da jende batengan horrelako mekanismoak ezartzea, euren inguruan modurik eraginkorrenean joka dezaten. Askotan garrantzitsuena ez da datu asko edukitzea (immigrazioaren errealitatea ondo ezagutzen baduzu, hobe, noski), jendeak sinesmenak jarraitzen dituelako. Zaila da sinesmenei datuekin aurre egitea, plano ezberdinetan daudelako. Dena dela, jende batek immigrazioaz txarto pentsatu arren, bere jokabidea ez da txarra izaten immigranteekiko. Hau da, immigrazioaren aurkako oso diskurtso negargarriak izan ditzakezu, baina gero portaera arrunta. Gure lana da jendea ez dadila pasatu diskurtso txarretatik jokabide txarretara. Inpunitatea kontrolatu eta murriztu nahi dugu.

Gaur egun egoera ezegonkorra bizi dugu. Jokabide txarretara pasatzeko arrisku gehiago dago?

Bai. Noraeza dago, ezegonkortasuna, beldurra, jendeak ez du segurtasunik... Badago jende bat, kopuru txikia bada ere, immigrazioaren etorrerarekin kaltetua irteten dena. Horrelako egoeretan tentu handiz ibili behar gara, jendea oso ondo tratatu behar da, entzun egin behar zaie eta ez lezio moralak eman. Izan ere, entzuten badiezu, ikusten duzuna da beldur edo izu soziala dutela: “Etxekoa izanda, nork babestuko nau?”. Trump, Le Pen eta horrelakoak babesten dituztenen atzean iritzi hori dago. Egoera txarra pairatzen duen jendea da, kaltetua izan direla ikusten dutenak eta ez dakitenak egoerari nola aurre egin. Orduan, xenofobia ateratzen zaie defentsa-mekanismo moduan. Jende horri segurtasuna eta laguntasuna eman behar diozu. Bizikidetza lortu behar dugu eta euren eta immigranteen egoerak ehundu behar dira, zeharkako solidaritatea bultzatuz. Hori bai, badakit guk egin nahi duguna ezinezko ekimena dela, jendearen antropologia aldatu nahi dugulako.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Guk pentsatzen dugu (eta gezurra da) egon daitekeela mundu bat non aurreiritziak ez dauden, baina aurreiritzi gabe jendea ezin izango litzateke bizi. Jendeak mundua sinplifikatzeko beharra du, ezin dugu denetatik jakin. Ondo ezagutzen ez ditugun arloetan hainbat estereotipo eta zurrumurru zabaltzen ditugu. Gizakiak errealitatea sinplifikatu behar du, mundua bere erara ulertu, eta horretarako estereotipoak behar ditu. Arazoa da estereotipo batzuk diskriminazioak eragiteko erabiltzen direla eta hor egon behar dugu adi.

Zein herrialde edo herriren eredua jarraitzea komeni zaigu?

Azken 20 urteotan, Espainia osoa eta baita Eibar ere ez dira eredu txarrak izan. Azken finean, Vox alderdia ez da agertzen immigrazioaren aurka egiteko, Kataluniako proces-aren ondorioz baizik, “Vivaspaña” baten izenean. Hori bai, horregatik sortu eta gero bere programa guztia aplikatzen du eta, nolabait esateko, hondartza kakaztuta lagatzen du. Hemen nahiko lasaia izan da gizarteratzea. Immigranteak egoera pobreagoan gizarteratu dira, prekarioagoan, bizi-baldintza txarragoetan, lanbide txarragoetan... baina hori immigrazio klasikoa da. Normalean, immigranteak egoera zail batetik hasten dira eta gero joaten dira goruntz. Eibarren 50 urte inguru daramatza prozesu horrek, lehenengo magrebtarrak instalatu zirenetik, baina orokorrean esan dezakegu immigrazioak 20 urte daramatzala gurean. Orduan, ezin dugu esan egunerokotasuna oso gatazkatsua izan denik. Noski, badaude diskriminazioak, batzuk nabarmenak eta beste batzuk sotilagoak, baina estatu osoan egin dena adibide ona izan dela esan genezake orokorrean. Tokian toki adibide onak egon dira: Getxon, Zarautzen, Ordizian, Ermuan, Eibarren immigrazio teknikari berria dago eta nabarituko da... Inplikazio instituzionala dagoenean, teknikariena eta baita gizartearena ere, asko nabaritzen da.