Zabortegian Alberto eta Joaquin bilatzeko operatiboak beharrean jarraitzen du

Zabortegian Alberto eta Joaquin bilatzeko operatiboak beharrean jarraitzen du
2020/03/24 20:56
eta kitto!
Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran bilatzeko operatiboari buruzko informazioa eman du ezagutzera. Esandakoaren arabera, “gaur B2 bilaketa-gunea berraktibatu dute, eta beste lan-talde bat eta zaintzatalde bat jarri dituzte erauzketa-, miaketa- eta baheketa-lanetarako. Beste bi talde B4 eremuan ari dira lanean, eta beste bi B1.3 eremuan. Hiru miaketa-makina, 3 musker eta beste hiru hondeamakina daude kokagune bakoitzean”.

Azaldu dutenez, 100 pertsona inguruk osatzen dute obra zibileko ekipoa: “Talde horretan sartzen dira ingeniariak, obra-arduradunak eta langileak, bai eta bilaketa-operatiboko langileak ere, erauzketa- eta miaketa-makinistek, bahitutako materiala zaintzeko lanetan ari diren Brigada Mugikorreko ertzainak eta Segurtasun Saileko larrialdi zerbitzuetako teknikariak”. Gaineratu dutenez, “gaueko lan-txanda mantentzen da obra zibileko, zaintzako eta prebentzioko zereginetan”.
Aditzera eman dutenez, “astearteko Gobernu Kontseiluak Zaldibarko larrialdietarako bi kontratu premiazko prozedura bereziaren bidez esleitzea onartu du. Bat baliabide materialak desamiantatzeko ardura duen IGR enpresarentzat, 8.916,25 eurokoa. Eta beste bat bi transmisio-ekipo eta bideo-seinaleak grabatzeko eta transmititzeko gaitasuna duen hargailu bat erosteko, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak droneekin egiten duen lanean laguntzeko”.