Zapatuan Untzagan izango den “Jana ez da txantxa” bazkari solidarioa aurkeztu dute

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Zapatuan Untzagan izango den “Jana ez da txantxa” bazkari solidarioa aurkeztu dute
ETA KITTO 2018, Urr 16

Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean Egoaiziak eta Aldatzen boluntario taldeak antolatuta zapatuan Untzagan egingo den “V. Bazkari solidarioa- Jana ez da txantxa”. Ekitaldian azaldu dutenez, “ekimenarekin, herritarrak Peruko nekazarien errealitatera gerturatu nahi ditugu, euren komunitateen garapenaren alde egiten duten lana eta ahalegina errekonozitzeko eta hemengoak horren inguruan sentsibilizatzeko asmoz”.

Bazkarirako Bidezko Merkataritzako produktuak eta hemen ekoiztutakoak eskainiko dituzte eta menua prestatzeko herriko hainbat elkarte gastronomikoren laguntza izango dute. Tiketak Kultu, Koskor, Kontent eta Guridi tabernetan eta Villalba supermerkatuan eros daitezke, 12 eurotan (ume, jubilatu eta langabetuentzat 9 eurotan). Horrez gain, norbaitek ekimenari lagundu nahi badio, baina bazkarira joaterik ez badu, horretarako aukera dauka aldez aurretik edo zapatuan bertan “0 platerra” erosita. Jasotako diru guztia APPROCAP (Asociación de Pequeños/as Productores/as de Cacao de Piura) izeneko elkartea indartzera bideratuko dela azaldu dute. Egoaiziako Alaia Berriozabalen berbetan, “badira 7 urte erakunde horrekin lanean hasi ginela, garapenerako proiektu ezberdinen bitartez laguntzen”.

Bestalde, Untzaga plazan ipiniko den karpa barruan egingo den bazkariaren inguruan hainbat jarduera egingo dira: umeentzat sukaldaritza tailerra, ipuin kontalaria, Bidezko Merkataritzako produktuen salmentarako postua, sarien zozketa, bertsolariak, Mugi Panderoa taldearen eta Nathali Chuchón abeslariaren musika, informazioa emateko mahaia eta Peruko nekazariei helaraziko zaizkien mezuak idazteko murala, besteak beste. Aurkezpenean esan dutenez, “aurten ere sukaldari ospetsu bat izango dugu gure artean. Gurutz Goikoetxeak, arroza prestatzen laguntzeaz gain, Mireia Alonso eibartarrerekin batera umeentzat tailerra emango du, 12:00etatik aurrera”. Ekitaldian egon den Mireia Alonsoren berbetan, “Gurutzek nirekin batera ikasi zuen eta nola sukaldatzen duen ikusteak merezi du, ikuskizun hutsa da eta. Disko-jogailuarekin ibiltzen da batetik bestera. Debarra da, baina Huescan dauka gozotegia. Umeekin tailerra amaitzean Eibarko koloreekin tarta egiteko asmoa duela aurreratu dit”.

Horrez gain, Radio Vitoria-Radio Euskadin entzun daitekeen “La ruta Slow” programa zuzentzen duen Aitor Buendia kazetariak eta Mugi Panderoa taldeko Miren Gisasolak mikrofonotik eguna girotzen jardungo dute.

Idoia Sarasketa Gizartekintza arloko zinegotziak esan duenez, “Udala ekimena babesten hasi zela urte batzuk badira eta bereziki garrantzitsua begitantzen zaigu jende gaztea sentsibilizatzeko antolatzaileek egiten duten lana”. Ekimenak beste hainbat erakunde eta talderen laguntza dauka: Ausolan, Aza ta Porrua, Bodegas Harresi, Insalus, Uroldeba Banaketak S.L., SD Eibar Fundazioa, S.C.R gure Bastarrak, Guridi, Kontent, Koskor, Kultu, Villalba, Panaderia Isasi, Gizalde, Eibarko Klub Deportiboa, Mireia Alonso, Nathali Chuchon, Mugi Panderoa, bertsolariak, Ongi Etorri Berbetanera,  Egoaizia eta Aldatzen taldeko boluntarioak, Amaña es la Caña, Alas para Aroa Elkartea, Club Lambretta eta Asola Berri, Loiolaetxe, Eibarko Betikuak, Gure Basterra, Jaiki, Ondo nai, Zorionak, Unzaga, Denon Sahatsa, Sasipe eta Karramarroak elkarte gastronomikoak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »