Ainara Torvisco eta Jokin Merino: “Erasora doazen boxeolariak gara, beti nahi dugu borrokatu eta aurrera egin”
Deba ibaiaren ertzean, Soraluzeko kiroldegian du tenplua Sorabox taldeak (Arrasaten ere badu entrenatzeko tokia). Astelehen arratsaldean toki lasaia da, bikaina elkarrizketa baterako, baina nabari dira bertan elkartzen diren boxeolarien esfortzu eta izerdiak. Ainara Torvisco eta Jokin Merinorentzat ia bigarren etxea da hura, bere pasioa garatzeko tokia.
Urtarrilaren amaieran Ermuko Boxeo Jaialdian parte hartu ondoren, lasaiago dabiltza orain Ainara eta Jokin. Lasai bai, baina gelditu barik. Boxeoa biziki gustatzen zaie eta euren bizitzaren parte da. Ring barruan bezala, galdera guztiei egin diete aurre, beldurrik gabe, azkar eta fin mugituz, izkin egin behar izanik gabe.
Nola hasi zineten boxeoan? Zerk erakarri zintuzten?
AINARA: 19 urterekin kick boxingean hasi nintzen eta 15 urte eman ditut entrenatzen eta lehiatzen, baina orain dela urtebete inguru peronea apurtu nuen eta, hankarekin jotzeko beldurra nuenez, boxeoarekin hastea pentsatu nuen. Gainera, baneukan probatzeko gogoa, ez duelako zerikusirik kick boxingarekin, beste modalitate bat da. (Jokin) Merino laguna dut eta etortzeko esan zidan, eta entrenatzailea neska izateak ere (Ixa Rodriguez da entrenatzailea) erakarri egin ninduen. Hasi nintzen, oso gustora egon nintzen hilabete batzuk eta borrokatu ahal nuela esan zidan. Eta noski, oso lehiakorra naizenez, baietz esan nion.
JOKIN: Nik antzeko zerbait bizi izan nuen. Gaztetan kick boxinga egiten hasi nintzen Eibarren, baina handik urte batzuetara belauna apurtu nuen pare bat aldiz. Gainera, boxeoarekin zerbait berezia eduki dut beti, gehiago gustatu izan zait, eta hortik jarraitu nuen. Gero, Bergaran hasi nintzen lanean eta Soraluze bidean gelditzen zaidanez, hemen hasi nintzen. Hilabete batzuk pasata, lehiatzeko prest negoela esan zidaten eta aurrera.
Kick boxingarekin ikasitakoak balio izan zizuen hasieran behintzat?
AINARA: Baietz uste dut. Ezberdina da, baina lehiatzea, jotzea... Azkenean, biak dira kontaktu-kirolak, beraz, ez zara zerotik hasten. Guardia, eskuekin jotzen eta beste hainbat gauza banekizkien kick boxingari esker.
Kick boxingera itzultzeko gogoa eduki duzue?
JOKIN: Nik ez. Belauna ondo daukat dagoeneko, baina boxeoa asko gustatzen zait eta hemen geratzen naiz.
AINARA: Jokini betidanik gustatu zaio boxeoa gehiago. Kick boxinga egiten zuen Eibarren boxeorik ez zegoelako.
JOKIN: Eibarren ez zegoen boxeo eskolarik. Orain bai, baina kick boxingeko entrenatzaileak ematen ditu boxeoa eta bestelakoak. Hemen boxeoa lantzen da bereziki, eta oso ezberdina da.
AINARA: Nik bai daukat kick boxinga egiteko gogoa. Kick boxinga egiten gehiago sentitzen naiz ni. Boxeoan ondo nago eta Ermuko borrokan ondo sentitu nintzen, hori ikasi nuelako, baina zerbait falta izan zitzaidan, ez daukat boxeoaren inguruko hainbeste jakinduria nire aldetik dena ateratzeko. Dena dela, boxeoan jarraituko dut momentuz.

Ezer ez dakienari, nola azalduko zeniokete boxeoa zer den?
JOKIN: Jendeak pentsatzen du hona etortzen zarela eta berehala jartzen zaituztela borrokan, arerioa jotzen eta hori guztia, baina borroketan hasteko, asko ikasi behar duzu. Ezer ikasi barik borroketan hasten bazara, mania txarrak hartzen dituzu eta gero zaila da horiek kentzea. Bestalde, errespetu asko dago hemen barruan. Batzuek kalean borrokatzeko nahi dute boxeoan hasi, baina hori hemen ez dago batere ondo ikusita eta taldetik kanpo geratzen zara.
AINARA: Boxeoak diziplina ematen dizu, eta neska izanda, kontaktu-kirola izanik, baita segurtasuna ere. Kalean ezin duzu hemengoa erabili, baina seguru sentitzen zara. Kanpotik kutsu biolentoa ikusi ahal zaio boxeoari, baina hemen barruan sartzen zarenean ikusten duzu ez dela horrela. Hemen ez duzu ezer demostratu beharrik eta biolentziarekin ez da ezer demostratzen. Hau kirol bat da, bakarkako kirola, eta galtzen duzunean ez duzu sentitzen jo egin zaituztela, beste modu batean bizi dugu. Edonori gomendatuko nioke boxeoa egitea. Gainera, hemendik berrituta irteten zara.
Aipatu duzue pixka bat, baina borroka sutsua denean, erraza izaten da errespetuari eustea, zintzo jokatzea eta abar?
AINARA: Normalean ez da egoera txarrik ematen. Borrokatzen dudanean arerioari begietara begiratzea gustatzen zait, gauza berdina gaudelako egiten, kirolaren pasioa sentitzen eta galtzea edo irabaztea ez da hain berebizikoa. Beti nahi izaten dugu irabaztea, baina ez dogu sentitzen bestarekiko amorrurik, agian norbere buruarekin.
JOKIN: Errespetua eta zintzo jokatzea hemen ikasten dugu. Ringera ez gara igotzen inori ezer demostratzera. Gure lana ondo egin nahi izaten dugu. Batzuk bai oldartzen dira, baina normalean ez. Azkenengo borrokan oso ondo moldatu nintzen arerioarekin, errebantxa eskatu zidan eta oso gustora egia esan.
Nolako boxeo giroa dago Eibarren eta Debabarrenean?
JOKIN: Azkenengo 2-3 urteetan asko hazi da boxeoarekiko zaletasuna eta toki askotan dauden boxeo-eskolak (Bergaran, Arrasaten, Soraluzen, Eibarren...). Ez da boxeoa bakarrik, kick boxinga, MMA, jiu-jitsua... Denak hazi dira.
AINARA: Ni hasi nintzenean ia ez zegoen lehiakiderik eta orain asko hazi da kopurua. Kontaktu-kirolak asko hazi dira eta ondo dago hori normalizatzea. Orain aukera gehiago ditugu borrokatzeko.
Askotan gizonekin lotu den kirola da. Emakume bezala, nola bizi duzu hori, Ainara?
AINARA: 33 urte ditut eta hasi nintzenetik, 19rekin, mutilekin entrenatu dut beti. Orain ere mutilak dira gehienak, baina emakume gehiago dago. Boxeoan kick boxingean baino emakume gehiago dabilela uste dut. Hasieran beti berdinekin lehiatzen ginen eta demaseko harremana genuen. Mutilekin ere oso ondo moldatu naiz beti, errespetuarekin, eta inoiz ez zait ezer txarrik gertatu. Ea are emakume gehiago hasten den kirol honetan.
Gainera, hemengo entrenatzailea ere da emakumea, Ixa Rodriguez, euskal boxeoan erreferente bat. Nolako entrenatzailea da?
JOKIN: Demasekoa! Asko laguntzen digu, pila bat, eta motibazio puntu hori ematen digu. Asko animatzen gaitu. Oso pozik nago berarekin.
AINARA: Demaseko energia du eta hori transmititu egiten da, zure buruan konfiantza edukitzen lagunduz. Berehala konturatzen da zerbait gertatzen bazaizu eta babesa ematen dizu uneoro. Asko pozten naiz bera ezagutzeaz eta horregatik nago hemen.
JOKIN: Ermuko borroka galdu egin nuen, nire lehen porrota izan zen, eta hurrengo egunean deitu egin zidan: “Jokin, zuk Jokin Merino izaten jarraitzen duzu eh, egon lasai zeren eta hurrengoan hobeto egingo duzu”, esan zidan, eta horrek bete egiten zaitu.
Asko eskatzen duen kirola da boxeoa? Entrenamenduak, zaintzea...
JOKIN: Bai, asko!
AINARA: Gure lana dugu eta, gero, hemen entrenatu behar dugu, pisu jakin bat eduki behar dugu eta, horretarako, ezin duzu poteorik egin, hanburgesarik jan eta horrelakoak. Mentalki ez da erraza izaten. Izan ere, topera ibiltzen zara entrenatzen eta ezin duzu modu horretan burua argitu. Agian ez da hori modua ere, baina lagunekin bazaude, ezin duzu pare bat garagardo hartu, agian Coca Cola bat... Borroka baten aurreko asteetan gosea pasatzen duzu azkenean.
Ze pisutan lehiatzen zarete?
JOKIN: Azken borrokan 62 kilo azpikoetan lehiatu nintzen, baina besteetan 60 kilo baino gutxiagokoetan. Orain bertan 67 kilo inguru pisatuko ditut eta hilabete barru beste borroka bat dut. Beraz, pisua zaintzen hasi behar naiz.
Nola lortzen duzue pixua galtzea indarra galdu barik?
AINARA: Hor dago koxka. Pisua galdu behar duzu, baina energia eta indarra eduki behar duzu. Beraz, dieta antolatua egin beharra dago.
JOKIN: Eta hori ez da dena. Ni lanetik etortzen naiz zuzenean entrenatzera eta 21:00ak inguruan heltzen naiz egunero etxera. Gero, zapatu goizetan ere entrenatzen dut edo mendira noa...
AINARA: Azkenean hau gure zaletasuna da. Hori guztia egin eta, gero, gure bizitzak jarraitu egiten du.
Asko ematen dizue boxeoak zuek hainbeste emateko, ezta?
JOKIN: Niretzat demaseko bizitza aldaketa izan da. Lehen juerga gehiago egiten nuen eta alde horretatik oso pozik nago. Gainera gero, egiten duzunean, gehiago gozatzen duzu.
Nolako boxeolariak zaretela esango zenukete?
AINARA: Bi motatako boxeolariak daude: erasora doazenak, zailduak, hau da, gu geu; eta estilistak, guardian gehiago daudenak, gehiago pentsatzen dutenak... Ixak gordetzeko, itxaroteko eta abar esaten dit, baina ezin dut, aurrera egiten dut beti, asko pentsatu barik (barreak).
JOKIN: Guk beti nahi izaten dugu borrokatu eta aurrera egin. Gainera, orain beste modu batean borrokatzen hasi nahi izanez gero, ez litzaidake ondo irtengo. Gainera, gure arerioekin alderatuz txikiak gara eta erasora joan behar izaten gara.
Borroka bakoitzak taktika bat eskatzen du?
AINARA: Borrokalari bakoitzak. Arerioaren arabera antolatzen duzu borroka. Zuk zurea argi eduki behar duzu beti, zure lana egin behar duzu, baina jakinda zeinen aurka egiten duzun.
Ermuko Jaialdian lehiatu zineten azkenengoz. Nolako gaua izan zen?
JOKIN: Ona! Ainara ni baino hobeto aritu zen.
AINARA: Tira, irabazteak ez du esan nahi hobeto edo okerrago aritu zarekin. Ni neu ondo sentitu nintzen, baina gehiago egin nezakeen sentsazioarekin amaitu nuen. Jokinen borroka izan zen estelarra. Demaseko egurra eman zioten elkarri, oso borrokatua izan zen eta edonork irabazi zezakeen. Oso borroka estua izan zen.
JOKIN: Galdu arren, oso pozik amaitu nuen borroka. Biok genuen oso antzeko boxeoa eta egurra eman genion elkarri denbora guztian. Irabazi dudan beste borroka batzuetatik sentsazio txarragoarekin irten naiz.
Puntuetan galdu zenuen, epaileen erabakiagatik. Emaitza argi egon ohi da beti? Nola hartzen dituzue euren erabakiak?
JOKIN: Ringetik sentsazio batekin ateratzen zara, baina errepikapenak ikusiz gero, gauzak ezberdin ikusten dituzu. Ixa Rodriguez eta Josu Lopategi egoten dira gurekin, ringaren izkinan, eta asko dakite. Orduan, puntuazioak berrikusteko kartulina urdina eskatu behar dutela ikusten badute, egiten dute. Orain arte, nik neuk ez dut arazorik eduki.
AINARA: Batzuetan, borroka bat kanpotik ikusten duzu eta garbi ikusten duzu batek irabazi duela, baina bestearen eskua altxatzen dute irabazle bezala. Dena dela, normalean epaileak oso zintzoak izaten dira.
JOKIN: Nik ez dakit asko puntuazioen inguruan. Borrokatu egiten dut, eta kitto. Beraz, ezin dut asko esan horri buruz. Gainera, irabaztea edo galtzea baino, gehiago bilatzen dugu sentsazio onarekin amaitzea.
Ermuan lagunen eta gertukoen babesa jaso zenuten. Nola bizi zenuten hori?
BIEK: Demasekoa izan zen!
AINARA: Inoiz bizi izan dudan gauzarik onenetarikoa izan zen. Lan asko eta sakrifizio asko egin ondoren lagunak zurekin daudela ikustea, demasekoa da. Gainera, berdin dio zer gertatzen den, galdu ala irabazi, eurak hor egongo direla beti.
JOKIN: Euren animoek asko ematen digute.
AINARA: Guregatik ez bada, eurengatik ematen duzu dena (barreak).