Ander Alberdi eta Kepa Lores: “Ez genuen gogoratzen horrelako negu bat orain dela urte askotatik, surf egiteko demasekoa izan da”
Negua joan da eta, horrekin, olatu handiak. Ezusterik ezean, amaitu da olatu handietan trebatzen diren surflariek gehien maite duten sasoia, baina oso zapore gozoarekin agurtu dute. Hilabete hauetan aukera ugari izan dituzte, hemendik oso urrun joan gabe, uretako masa erraldoietan irristatu eta urak sortutako hodietan murgiltzeko.
Olatu handien sasoia amaitutzat eman dezakegunez, balantzea egingo dugu. Nolakoa izan da denboraldia?
KEPA: Aurreko urteekin alderatuz, ezberdina izan da. Udazkenean itsasoa nahiko geldirik egon zen, kaskar surferako, normalean sasoi onena izaten denean, baina gero itsaskiak (swell) etortzen hasi ziren, ia astero, eta demaseko negua izan da. Ez genuen gogoratzen horrelako negu bat orain dela urte askotatik.
Denboraldi honetako egun bat aukeratu beharko bazenute, zein izango litzateke?
KEPA: Martxoaren 2a dut gogoan, astelehena, Hossegorren (Landak, Frantzia). Demaseko olatuak zeuden. Horrelako egunetan olatuak hartzea zaila izaten da. Izan ere, uretan maila handiko jendea egoten da, lokal asko (tokiko surflariak), eta kanpotik goazenei ez digute erraza jartzen olatuak hartzea, baina bat hartzea tokatu zitzaidan eta bizitzako olatua izan zen.
ANDER: Nik ez daukat hain memoria ona (barreak). Egun polit asko egon dira, egun askotan egon garelako lagun artean, lasai, eta olatu handiekin, lau metro ingurukoak. Era berean, pena ere izan da bainu motelak izan direlako. Seguru Landetan gogoratzeko moduko bainuren bat ere eduki dudala, baina ez dut gogoratzen.
KEPA: Txintxek ezin du aukeratu egun on asko eduki dituelako (barreak).
Surfeko egun batek zer eduki behar du ona izateko?
KEPA: Faktore asko sartzen dira jokoan. Agian demaseko baldintzak ematen dira itsasoan (olatu handiak, haize ona...), perfektu egon daiteke, espektatiba handiekin zoaz, baina ez zaude itsasoarekin konektatuta, ez duzu tokia aurkitzen, huts egiten duzu. Eta zuretzat egun txarra izan dena beste batentzat demasekoa izan daiteke, oso ondo moldatu delako. Era berean, beste egun batzuetan ez daude oso olatu onak, baina zu txisparekin zaude eta oso olatu onak tokatzen zaizkizu. Guk asko baloratzen dugun gauza bat uretan lagun artean eta lasai egotea izaten da, eta aurten gertatu da oso bainu onak eduki ditugula eta lagun artean, jende gutxirekin. Giro lasaian zaude olatuak aukeratzeko, bata-besteari animatzen eta hori asko baloratzen dugu. Normalean ez da hori gertatzen, baina batzuetan zortea dago.
Nola bizi dituzue uretan olatuen zain egoten zareten momentu horiek?
ANDER: Olatu on gutxi datoz batzuetan eta olatu hori zuk hartzea nahi izaten duzu. Orduan, beti dago lehia txikia; baina lagun artean gaudenean, batek olatu asko hartu baditu eta beste batek olatu askorik hartu ez duela ikusten badu, normalean ondo moldatzen gara gure artean.
KEPA: Beste egun batzuetan, uretan jende gehiago egoten da eta tentsio uneak bizi daitezke. Azkenenean, olatu kopuru bat dago eta denok nahi ditugu olatu onenak hartu, baina beti ezin da.
Moduren batean esatearren, toki batzuetan ‘kanpotarrak’ izaten zarete. Nola jokatzen duzue horrelako egoeretan?
KEPA: Bainu asko hartzen ditugu etxetik kanpo. Adibidez, Landetan asko egoten gara. Horrelakoetan, uretan ahalik eta zarata gutxien egiten saiatzen gara, gure artean euskaraz ere ez dugu egiten bertakoek ez entzuteko... Geroz eta arreta gutxiago eman, hobe, uretan tentsioa egoten delako.
ANDER: Egun horietan zaila izaten da olatu bakarra ere hartzea. Guretzat egunik onenak hodiak (tuboak) sortzen diren egunak izaten dira. Frantsesak oso onak dira surfean, eta egun horietan ‘lokal’ asko egoten da uretan eta ez dute olatu askorik lagatzen. Beraz, tokia bilatzen ibili behar zara etxera saria eramateko eta ez da erraza izaten.
Landetara hainbeste joanda, tokitxoa irabazi dezakezue bertakoen artean?
ANDER: Landetan olatu onak daudenean, ia goizero joaten gara bertara. Ezagun batzuk baditugu, baina ez dugu tokirik egin, egun onak daudenean ez digutelako olatu onak hartzen lagatzen.
KEPA: Zaila da tokia egitea hain maila ona dagoen tokian, are gehiago kanpokoa bazara. Ez dugu tokirik egin, baina beti lortzen dugu, ezkutuan eta isil-isilik, olatu onen bat eramatea.
Surf egiteko olatuek agintzen dute eta apetatsuak dira. Etorri daitezke ala ez, eta datozenean ere, tamaina, norabide, indar eta haize ezberdinarekin etorri daitezke. Nola bizi duzue olatuen-parteei begiratzen ibiltzea?
ANDER: Normalean nahiko erraza izaten da kontu hori. Parteak egunero begiratzen ditugu eta egunetako aurrerapenarekin ikusten dugu itsasoa nola egon daitekeen, baina bi egun edo egun bat lehenago bai erabakitzen dugu, partea ikusita, zer egin dezakegun. Haizea, marea eta olatuen tamaina ikusi eta nora joango garen erabakitzen dugu.
KEPA: Iragarpenak iragarpen, itsasoa ez da inoiz zehatza eta tokatu izan zaigu toki batera joan eta ezer aurkitzea. Behin Anderrekin, goizeko 5:30ean jarri genuen alarma, 6:00etan bidean geunden, olatura iritsi ginen eta itsasoa bare-bare zegoen. Batzuetan bete-betean asmatzen dugu, baina beste batzuetan kale egiten dugu.
Horretan esperientziak lagunduko dizue, ezta?
ANDER: Tira, ez pentsa, aurten ere kale egin dugu egunen batean. Aurtengo zapatu batean urteko parterik onena ikusi genuen hemen surf egiteko. Kuadrilla eta familia osoa mugitu genuen, baina gero ezer, ez zegoen olaturik. Gutxienez, bazkaria egin eta egun polita pasa genuen.
Behintzat hemen zen, ez zineten Landetaraino joan ezertarako.
KEPA: Hossegorren tokatu izan zaigu mila buelta ematea eta azkenean goiza ‘boulangerie’-an pasatzea ‘pain au chocolat’ jaten (barreak). Beste batzuetan iragarpena ez da hain ona izan, baina tokia ezagututa eta baldintzak ikusita, joan gara eta demaseko bainua tokatu zaigu.
Landak aipatu dituzue, baita inguru hauek ere. Nondik mugitzen zarete normalean?
ANDER: Mundaka eta Hossegor artean mugitzen gara normalean.
KEPA: Ordubete Bizkairantz, ordubete Frantziarantz. Tartean kalitate handik olatuak daude.
Lagun artean mugitzen zarete? Eta, materiala eta surf egiteko behar den guztia eramateko, nola egiten duzue?
KEPA: Zorionez, denok dugu furgoneta, espazioa behar duzulako materiala eramateko. Ez dira berdinak izaten olatu txikietan, hodiak sortzen dituzten olatuetan edo olatu handietan erabiltzen ditugun oholak. Batzuetan bi bainu ematen ditugu eta neoprenozko trajeak sartzeko ere tokia behar da. Swell-a datorrenean, egun batzuetan olatu handiagoak egon daitezke, beste batzuetan txikiagoak, berriz igo daiteke... Orduan, material guztia furgonetan sartu eta egun guztietarako dena prest edukitzen duzu toki batetik bestera mugitu ahal izateko eta baldintza ezberdinetara moldatzeko. Gure filosofia hau da: itsasoa ondo badago, uretara. Izan ere, ez dakizu itsasoa noiz egongo den ondo berriz ere.
ANDER: Kepa, Iñaki (Zabala) eta hirurok beti egoten gara surferako prest. Surf-eskolan egiten dugu lan eta goizez libre edukitzen dugu. Beno, olatuak daudenean libre edukitzeko antolatzen gara (barreak). Gainera, eskolako monitoreak ere gurekin etortzen dira askotan eta surfeko kuadrillatxo bat ere badaukagu, ‘Team Txarrua’. Denek ezin dute beti, baina gure artean moldatzen gara eta normalean beti dago norbait surfean aritzeko. Bakarrik gutxitan egiten dugu surf.