Debabarreneko Itaia | “Martxoaren 8a borrokarako eguna da, ez ospakizun hutsa”

Esplotazio ekonomikoaren eta indarkeria matxistaren aurrean, emakume langileak lehen lerroan egon behar direla defendatu dute Kristiña Fidalgo eta Aicha Hamideddine Itaiako kideek. Testuinguru politiko gero eta erreakzionarioagoan, antolakuntza sozialista defendatu dute askapenerako tresna gisa.
Debabarreneko Itaia | “Martxoaren 8a borrokarako eguna da, ez ospakizun hutsa”
2026/03/05 17:13
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, kaleak berriz ere emakume langileen aldarriz betetzeko deia egin dute Kristiña Fidalgo eta Aicha Hamideddinek, Itaia Emakume Antolakunde Sozialistako kideek. Ideia matxista eta faxisten normalizazioaren aurrean, emakume langileen antolakuntza politikoa ezinbestekotzat jo dute, bai indarkeria matxistari aurre egiteko, bai lan eta bizi baldintzen okertzeari erantzuteko. Elkarrizketa honetan, Itaiaren proposamen politikoa, sozialismoaren aldeko apustua eta Debabarrenean Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitaraua izan dituzte hizpide. 

Aicha eta Kristiña ITAIAko kideak.
Martxoaren 8an kaleak hartuko dituzue berriz ere, emakume langileen alde. Badago horretarako nahikoa motibo, ezta? 

KRISTIÑA: Bai. Azken garaiotan ideia faxista eta matxisten normalizazioa eta hedapena bizitzen ari gara, eta horrek zuzenean eragiten digu emakume langileoi. Kapitalismoak ideia horiek erabiltzen ditu emakume langileok are gehiago zapaltzeko: lan prekarioak, zaintza zerbitzuen pribatizazioa eta murrizketak dira nagusi. Horren aurrean, ezinbestekoa da emakume langileok lehen lerroan egotea gure eskubide politiko eta ekonomikoen alde borrokan, baita indarkeria matxistaren aurka ere. Martxoaren 8a borrokarako eta gure miseriaren erantzuleak seinalatzeko eguna dela uste dugu, ez ospakizun hutsa.

Emakume langileen lan eta bizi baldintzak okertzen ari direla diozue. Zer ikusten duzue inguruan?

AICHA: Bereziki adierazgarria da zaintza-lanetan ikusten dena: lan baldintza oso gogorrak, kontratu partzialak edo kontraturik eza, batez ere emakume migratuen kasuan, eta eskubide politiko oso mugatuak. Langileen borrokak kriminalizatu egiten dira edo gutxieneko zerbitzu oso altuak ezartzen dira. Abortua ere ez dago guztiz bermatuta: egoera irregularrean dauden emakumeek zailtasunak dituzte, eta negozio iturri izaten jarraitzen du arlo pribatuarentzat, kliniken aurrean jazarpenei aurre egin behar dieten bitartean. 

Zergatik jartzen duzue arreta berezia emakume migranteengan? 

KRISTIÑA: Politika instituzionalek kanpoan utzi dituzte emakume proletarizatuenen interesak. Horregatik, gure proposamen politikoan ezinbestekoa da egoera okerrenean dauden emakumeen problematikei erantzutea, haiekin batera beren bizi baldintzen eta eskubide politikoen alde borrokatuz. Zaintzak edo paperik ez izatea ez dira oztopo izan behar parte hartze politikorako. 

Emakume langileon parte hartzea ezinbestekoa da mundu bidegabe hau aldatzeko

`Emakume langileok askatzeko batu borrokara’ lemapean egingo dituzue manifestazioak. Zergatik sozialismoa? 

AICHA: Sinetsarazi digute emakumeon tokia ez dagoela borrokaren lehen lerroan, baina badakigu emakume langileon parte hartzea ezinbestekoa dela mundu bidegabe hau aldatzeko. Kapitalismoa irabazian oinarritutako esplotazio sistema da, eta emakumeen zapalkuntza ezin da hortik bereizi. Estatuak eta instituzioak ez dira neutroak, eta ezin dira emakume langileen askapenerako tresna izan. Sozialismoak, aldiz, berdintasunean eta gehiengoaren ongizatean oinarritutako gizarte eredua proposatzen du. 

Aicha eta Kristiña ITAIAko kideak.
Debabarrenean egitarau zabala antolatu duzue Martxoaren 8aren bueltan. Zer balorazio egiten duzue?

KRISTIÑA: Deban eta Ermuan hitzaldiekin hasi ginen, ondoren Mendaron autodefentsa tailerra, Itziarren sormen tailerra eta dokumental emanaldia egin ditugu. Asteburu honetan ere ekimenak izango dira, eta martxoaren 8an Ermuan egingo dugu mobilizazioa. Balorazioa oso positiboa da: harrera beroa izan dute ekimenek eta emakume berriak gerturatzen ari dira. 

Noiz eta non izango da mobilizazioa? 

AICHA: Ermuan, Martxoak 8 plazan, 12:30ean. Elkarretaratzea izango da. 

Zein mezu helarazi nahi diezue herritarrei? 

KRISTIÑA: Antolatzeko deia egin nahi dugu. Martxoaren 8a borrokarako eguna da, ez ospakizun hutsa. Kaleak hartu, zapaltzen gaituztenak seinalatu eta alternatiba bat posible dela erakusten jarraitu behar dugu. Argi izan dezatela agintariek, esplotatzaileek eta faxistek: aurrean izango gaituzte.