Eibarko Mendiak Bizirik-ek Basalgoko proiektu eolikoaren aurkako arrazoiak azaldu ditu Batzar Nagusietan
Eibarko Mendiak Bizirik plataformak agerraldia egin du ostegun goizean (apirilak 16) Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean, Basalgoko proiektu eolikoaren aurkako jarrera eta horren arrazoiak zuzenean azaltzeko. Helburua argia izan da: milaka herritar proiektuaren aurka jartzera eraman dituzten arrazoiak ordezkari politikoei bertatik bertara helaraztea.
Bi ordu inguru iraun duen saioa plataformaren aurkezpenarekin hasi da. Bere izaera zabala eta herritarren arteko aniztasuna nabarmendu ondoren, azken hilabeteetan egindako lanaren berri eman dute: informazio eta sentsibilizazio jarduerak, alegazio teknikoen prestaketa eta 6.280 atxikimendu bildu dituen herri-alegazioen kanpaina, besteak beste.
Ondoren, Arena Power enpresak aurkeztutako proiektuaren azterketa xehea egin dute. Plataformaren arabera, dokumentazioan akats eta hutsune ugari daude, eta aurreikusitako sei makroaerosorgailuek zein beharrezko azpiegiturek kalte handiak eragingo lituzkete ingurune naturalean. Bereziki aipatu dituzte biodibertsitatean, paisaian eta ondarean izango lituzketen ondorioak, baita gizartean ere sor litezkeen eraginak.
Azaldu dutenez, proiektuak Debabarrenako eta Debagoienako bost udalerriri eragingo lieke, Gipuzkoako biztanleriaren %8 biltzen duten eremuan. Ildo horretan, gogorarazi dute ez direla herritarrak bakarrik aurka agertu: eragindako udalek ere kontrako jarrera erakutsi dute, baita hainbat elkarte eta partikularrek ere.
Agerraldia ez da salaketa hutsera mugatu, eta hainbat proposamen ere egin dituzte. Besteak beste, hegazti nekrofagoen babeserako planari arau-babesa ematea, saguzarren inguruko plan espezifikoa garatzea, eta Basalgo inguruko ur-baliabideak, nekazaritza-lurrak eta basogintza proiektuak babestea eskatu dute. Halaber, Gerra Zibileko defentsa-azpiegiturak —Basalgo, Topinburu eta Ilordokoak— ondare gisa babesteko espedientea abiatzea proposatu dute.
Saioaren bigarren zatian, ordezkari politikoekin egindako galdera-erantzunen bidez, eztabaida zabalagoa ireki da. Bertan, bi ideia nagusi azpimarratu dira: batetik, lurraldearekiko eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako energia-trantsizio eredua garatzeko beharra, negozio logikatik harago; bestetik, halako proiektu estrategikoetan herritarren parte-hartzea bermatzearen garrantzia.
Ildo horretan, Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko batzarkideak iragarri du ekaineko osoko bilkuran ebazpen proposamen bat aurkeztuko duela Basalgoko proiektuaren inguruan eztabaidatzeko. Proposamen horrekin bat egin du Alberto Albistegi PSE-EEko ordezkariak ere.
Agerraldia amaituta, Eibarko Mendiak Bizirik-ek balorazio positiboa egin du, proiektuaren ondorioak zehaztasunez azaltzeko aukera izan duelako eta ordezkari politikoekin izandako hartu-emana emankorra izan delako. Era berean, eskerrak eman dizkie Batzar Nagusiei eta bertako ordezkariei plataformari hitza emateagatik.