Ermuko saihesbidearen I. fasea aurrera doa: urte amaieran hasiko dira obrak
Aurrera doa Ermuako Mendebaldeko Saihesbidearen I. fasea (Urtia izenekoa): Bizkaiko Foru Gobernu Kontseiluan behin betiko proiektua onartu du eguen honetan, eta ondorioz, obra hasi aurreko azken izapideak martxan jarriko dituzte. Atzo, maiatzak 5, eginiko prentsaurrekoan Carlos Alzaga Azpiegituretako foru diputatuak eta Beatriz Gamiz Ermuko alkateak lanak urte amaieran hasiko direla aurreikusi dutela baieztatu dute.
Proiektuak 20,7 milioi euroko lizitazio-aurrekontua eta 36 hilabeteko egikaritze-epea izango ditu. Azaldu dutenez, obre BI-3302 eta BI-2301 errepideak Mallumendi mendian zehar lotuko dira, eta horrela herrigunetik trafiko astuna ateratzea lortuko da.
Carlos Alzaga Azpiegituretarako foru diputatuak nabarmendu du “jarduketa estrategikoa” dela Ermuko mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko. Bestalde, Beatriz Gámiz alkateak aurrerapena ontzat jo du, baina gogorarazi du proiektu horrek urteak daramatzala atzeratuta, eta herritarrek “ziurtasunak” behar dituztela, urteetako atzerapenen ondoren.
Hiru biribilgune, hiru pasabide eta ingurumen integrazio handia
Trazadura berria N-634 errepide zaharrean hasi eta Urtiako biribilgune berrian, BI-3302an, amaituko da. Bidean, Izarrako biribilgunea ere egingo da, bigarren fasearekin lotura prestatuz, Ermuako etorkizuneko Mendebaldeko Saihesbidearen jarraipena bermatzeko.
Ibilbideak hiru biribilgune nagusi izango ditu —Urtia, Izarra eta Zearreko—, eta hirigunerako sarbide bat ere bai, oinezkoentzako ibilbide seguruekin eta espaloiekin lotuta.
Galtzada bi erreikoa izango da, noranzko bakoitzerako bana, eta abiadurak tartearen arabera egokituko dira: 60 km/h saihesbidean, 30 km/h biribilguneetan eta 20 km/h hiri-sarbidean. Helburua trafikoaren arintasuna eta segurtasuna uztartzea da.
Azpiegiturak hiru egitura nagusi izango ditu: 100 metroko Urtiako zubibidea, Zubitegi errekaren gaineko zubi berria eta Izarrako ibarbideko pasabidea, etorkizuneko bigarren fasearekin jarraikortasuna bermatuko duena.
Ingurumenari dagokionez, “flora, fauna eta uraren kalitatea babesteko prebentzio -eta zuzenketa- neurriak” egingo dira, Zubitegi errekaren inguruan, bereziki. Bioingeniaritzako teknikak erabiliko dira ibai-ertzak hobetzeko, eta martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean lanak mugatu egingo dira bisoi europarra babesteko.
Amaitzeko, paisaia lehengoratzeko plan bat ere garatuko da, zuhaitz autoktonoak landatuz —harizti atlantikoa eta haltzadi kantauriarra, besteak beste—, eta ezpondetan landareztatze naturaleko sistemak ezarriz, azpiegitura ingurunean hobeto txertatzeko.