Eskualde osoko ehunka herritarrek zeharkatu zituzten Eibarko kaleak Maiatzaren Leheneko manifestazioan

Barixakuan, Maiatzaren Lehenean, herritar ugari mobilizatu ziren Eibarren, LAB sindikatuak antolatuta egin zen eskualde mailako manifestazioan.
Eskualde osoko ehunka herritarrek zeharkatu zituzten Eibarko kaleak Maiatzaren Leheneko manifestazioan
Argazkiak: LAB DEBALDEA.
2026/05/04 13:06
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarren bezala, Langileen Nazioarteko Egunean LAB sindikatuak deitutako 26 mobilizazio egin ziren Euskal Herri osoan. Sindikatutik adierazi dutenez, “eskualdez eskualde mobilizatu gara Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta. Langileok eragin leloa izan da LABek aurtengo Langileen Nazioarteko Egunerako hautatu duena. Izan ere, gerrak eta ezengonkortasun ekonomikoak jotako nazioarteko testuinguruaren ondorioak langileon bizkar jarri nahi dituzten honetan, behar-beharrezkoa da bizitza duina izateko ezinbesteko neurriak bermatu, eta enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak abian jartzea. Gauzak horrela, Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan hiru aldarrikapen nagusi haizatu ditugu: zerbitzu publikoak indartzea (kalitatezko hezkuntza, osasun zerbitzua eta zaintza langileen eskura jartzeko); etxebizitza eskubidearen defentsa espekulazioaren kontra; eta pentsio nahiz soldata duinak, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko”.