ETS-k 560.000 euroan esleitu du Ermua eta Eibar arteko trenbide-saihesbidearen azterlana
Euskal Trenbide Sareak (ETS) Ermuko eta Eibarko Unibertsitateko geltokiaren arteko trenbide-saihesbidearen trazadura zehazteko azterlana egiteko lana esleitu du. Dair Ingenieros S.L. enpresak egingo du azterlana, 560.016,10 euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko epean.
Azterlanak bi kilometro inguruko trenbide-zatia bikoiztea aurreikusten du. Horrez gain, Errotabarriko eta San Lorentzoko egungo geralekuen ordez geltoki berri bat egitea eta inguruko bi trenbide-pasaguneak kentzea aztertuko dute.
ETS-k azaldu duenez, gaur egun trenbide bakarra dago tarte horretan, eta horrek tren-zerbitzuaren funtzionamendua mugatzen du. Bi pasaguneak kentzea ere aurreikusten dute, segurtasuna hobetzeko eta trenbidearen bi aldeetako joan-etorriak errazteko. San Lorentzon ibilgailuentzako pasagune automatizatua dago; Errotabarrin, berriz, oinezkoentzako pasagunea.
Trenbidearen ibilbiderako aukerak aztertuko dituzte
Ermuko orografia eta hirigunearen ezaugarriak direla eta, trenbidearen ibilbiderako hainbat aukera aztertu beharko dituzte. Horretarako, lurzoruaren ezaugarri geologikoak eta geoteknikoak ikertuko dituzte, eta aukera bakoitzak tren-zerbitzuaren funtzionamenduan izan dezakeen eragina aztertuko dute.
Era berean, obrek eragin ditzaketen zerbitzuak identifikatu eta, beharrezkoa bada, horiek berriz jartzeko proposamenak egin beharko dituzte.
ETS-k adierazi du azterlanak trenbide-saihesbidea egiteko aukerak ebaluatu eta ibilbiderik egokiena zehazten lagunduko duela. Oraingoz, azterlana egiteko lana baino ez dute esleitu; beraz, ez dago obrak noiz hasiko diren zehaztuta.