Etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak, eta soldata eta pentsio duinak aldarrikatuko ditu LAB-ek Maiatzaren Lehenean

Aurten manifestazioa Eibarren izango da, eta ondoren herri-bazkaria egingo dute.
Etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak, eta soldata eta pentsio duinak aldarrikatuko ditu LAB-ek Maiatzaren Lehenean
2026/04/20 11:17
Silbia Hernandez Arrazola

LAB sindikatuak Debaldeako delegatuen batzarra egin zuen aurreko astean eta, bide batez, Maiatzaren Lehenean antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Aurten Eibarren izango da Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak antolatutako manifestazioa. Untzagatik abiatuko da, 12:30ean, M1 Langileok eragin goiburupean, eta aldarri nagusiak hiru hauek izango dira: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak, eta soldata eta pentsio duinak. Manifestazioa amaitu eta gero, ekitaldi politikoa egingo da eta, ondoren, herri bazkaria (14:30ean Untzaga plazako arkupeetan). Bazkalostean kontzertua egongo da, Nebarren eskutik. Aukera beganoa egongo da, eta txartelak LAB sindikatuaren Eibarko, Bergarako eta Arrasateko egoitzetan erosi daitezke (10 euro gazte, langabetu eta prekarioek, 16 euro langileek). Antolatzaileek tiketak apirilaren 27a baino lehen erosteko dei egin dute, “antolaketa-lanak errezteko”. Bihar (martitzena, apirilak 21) aurkeztuko dute egitaraua, 17:30ean Untzagan. 
LAB sindikatutik adierazi dutenez, “munduari begiratzen diogunean, zanpaketa eta gerra ikusten ditugu nonahi: Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran... Zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxistek eta genozidek jopuntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da. Gutxi batzuen etekinak baino, denon artean bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduaren alde borrokatzen ari gara gu. Birbanaketa politikak aldarrikatzen ditugu: enplegua, zaintzak lanak eta ondasuna banatzea. Maiatzaren Lehenean honako neurri hauek aldarrikatuko ditugu: Gutxieneko soldata eta pentsio duina denontzat, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, arrakala matxista, arrazista eta belaunaldi-arrakalarik ez izateko; zerbitzu publikoak sendotzea, hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko; etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitzea; eta industrian trantsizio ekosoziala bideratzea eta enplegua defendatzea”.