IASek kontzentrazioa egin du Eibarko Ingeniaritza Eskolan, selektibitatearen aurka
Hego Euskal Herrian ehunka ikasle unibertsitate sarbide azterketak egiten ari diren bigarren egunean, Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) kontzentrazioa egin du gaur goizean Eibarren, Eibarko Ingeniaritza Eskolan, “Selektibitateari sua!” lemapean.
Mobilizazioa 10:30ean egin da, eta bertan selektibitatearen eta baxoaren inguruko kritikak plazaratu dituzte. IASek ohar bidez azaldu duenez, bi azterketa sistemak “trantsizio fasean dagoen eredu baten parte” direla uste dute, 2028ra arte ezartzen ari diren aldaketen testuinguruan.
Haien esanetan, egungo aldaketek ez dute ikasleen egoera hobetzen, eta, aitzitik, lan-karga handitu eta ziurgabetasuna areagotzen dute, edukien memorizazio handiagoa eskatuz.
IASen arabera, selektibitateak “filtro sozialerako tresna” izaten jarraitzen du, baliabide ekonomiko gutxiago dituzten ikasleen aukerak baldintzatuz. Halaber, sistema honek lehia eta indibidualismoa sustatzen dituela eta horrek elkarlana eta elkartasuna ahultzen dituela salatu dute.
Horrez gain, azpimarratu dute froga bakarrean oinarritutako sarbide sistemak estresa eta presio handia eragiten dituela ikasleen osasun mentalean.
Testuinguru horretan, ikasleen arteko elkarlana sustatzeko ekimenak martxan jarriko dituztela iragarri dute, hala nola apunte bankuak eta doako klase partikularrak.